Irune Lasa.
GEURE KONTU

Arrantzaldi berria ireki da 'brexit'-ean

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Neil Faragek arreta bereganatzen badakiela erakutsi du beste behin. Balantzaka. Berriz ere. Baina ez gaizki pentsatu; oraingoan, UKIPeko buru ohia txalupa batean zegoelako zebilen kulunka eta arrain bana zuelako eskuetan. Asteazkenean izan zen Londresen; Faragek mikrofonoen aurrean brexit-erako trantsizioari buruzko akordioa gaitzetsi zuen.«Brexit-a bozkatu genuenetik gehiegitan eman dugu amore», esan, ibaira itzuli, eta bi bakailaoak Tamesis ibaira jaurti zituen.

Arrantzarena, nola ez, gai minbera da uharteetan, eta arrantzale britainiarrek gaizki hartu dute astelehenean David Daviseta Michel Barnier negoziatzaileek ezagutarazitako akordioa. Behin-behinean adostutakoaren arabera —urrian sinatu beharko litzateke behin betiko akordioa—, Erresuma Batuak 2019ko martxoaren 29an utziko du ofizialki Europako Batasuna, eta orduan 21 hilabeteko trantsizio epe bat zabalduko da britainiarrek erretira ordenatua egiteko astia izan dezaten. De facto Erresuma Batuak 2020. urteko abenduan utziko du Europako Batasuna.

Brexit leunaren aldekoak irabazle, beraz. Hori bai, trantsizio epe horretan, praktikan, Erresuma Batuak Batasuneko arauak betetzen jarraituko du, baita aurrekontuen bere partea ordaintzen ere. Eta bitarte horretan ez du ez ahotsik ez botorik izango Batasuneko erabakietan. Adibidez, 2021. urtera arte Batasuneko herrialdeetako ontziek Erresuma Batuko uretan arrantzatzen jarraituko dute, baina arrantzale britainiarren ordezkaririk ez da izango Europako erabakiguneetan. Neil Faragek arrazoi pixka bat ere baduela, alegia.

Ez da, dena den, hori pentsatzen duen bakarra. Nahiko argi dago Theresa Mayren gobernuak bere marra gorri ia guztietan eman duela amore. Lehen kapitulazioa brexit-aren fakturarekin izan zen. Batasunetik joateagatik zentimorik ordaindu nahi ez zuenak abendurako jada onartua zuen 40.000-50.000 milioi euro inguruko ordainketa. Trantsizio epeak iraun bitartean EBko herritarren eskubideak bere horretan errespetatzea ere onetsi zuen Londresek. Orain nahi zuena baino trantsizio epe txikiago bat soilik erdietsi du Mayk. 21 hilabeteko epe horretan Ipar Irlandako mugarekin zer gertatzen den argitzeko dago oraindik —bi aldeek ez zuten nahi gaiak beste negoziazioak blokeatzerik— negoziazio horri zorua ere jarri dio EBk, Londresi beste marra gorri bat irentsaraziz: muga fisiko bat saihesteko irtenbideren bat topatu artean, Ipar Irlanda merkatu bakarraren parte izango da.

Batasunetik joateko epea gainera datorkiola, zenbait gaitan amore ematea hobetsi du Londresek lehenbailehen zabaltzeko arrantzaldi garrantzitsuena, hots, 2021. urtetik aurrera Erresuma Batuak eta EBek izango duten harremanari buruzko negoziazioak. Urria baino lehen adostu behar da hori, Westmisterko eta Europako parlamentuen oniritzia jasotzeko astia izateko. Gero eta argiago dago merkataritza harremanak zehaztea ia ezinezkoa izango dela sei hilabete eskasetan. EBtik kanpo egon baina zenbait gaitan «harreman berezia» arrantzatu nahi luke hor Londresek. EBk beste behin ere erantzun dio pastela jatea eta pastela izatea ez direla bateragarriak.

Datozen hilabeteetan alde bakoitzeko urak nola dabiltzan ere garrantzitsua izango da. Mayk etxean brexit zale amorratuak eta bigarren erreferendum baten aldekoak nor ala nor dauzka. Europako Batasunean, berriz, noiz ikusi da zerbait bi minutuan erabakitzea? Kontseiluak ostiralean denbora behar hori izan zuen Barnierrentzako negoziazio lerroak onartzeko. Baina txalupan nagusi asko, arrantza gutxi dio esaerak. Gerta daiteke hausturarik 27 herrialdeen artean? Zorabiatzeko modukoak izango dira hurrengo hilabeteak. Eta oso gogoan izan beharko negozio hauetarako Bruselaren mantra: ez dago ezer erabakita guztia erabakitzen den arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.