xabier martin
GEURE KONTU

Maiatzaren Lehena Beiruten

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako politikari erreparatuta, Madril Beirut izaten hasia dela zioen ostegun honetan Enric Juliana kazetariak, La Vanguardia-n. Libanoko hiriburuak urte askoan islatu zuen fakzioen labirinto hori egokia da, halaber, azken asteetan euskal lan harremanen eragileen artean gertatzen ari dena azaltzeko: denak denen aurka dabiltza.

Eta bi haustura daude aro berri horren abiapuntuan. ELA eta LAB eraikitzen ari ziren aliantza estrategikoaren saioarena, lehena, eta aspaldian eraikita zegoen baina kili-kolo zebilen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarena, bigarrena. Euskal esparrua estatalizazioaren aurka babesteko lubakian daudenak elkarren aurka jaurtitzen hasi dira aliantza estrategikoaren porrotaren erantzukizunak. «ELAk aliantzarekin ez jarraitzeko hartu duen erabakia janzteko kontakizun oso bat eraikitzen ari da, aitzakiak», bota du Garbiñe Aranburuk; ELAren erantzuna azkar iritsi da: «Lan esparruan elkar ulertu gabe, ez da aliantza politikorik egongo». Adolfo Muñozek munizio nahikoa baduela erakutsi du asteon, LABek grebarako gaitasun txikia duela aditzera emanez, eta hori erresistentzia kutxarekin lotuz; maiz ateratzen du ELAk giharra kutxarekin.

Ez da giro sindikatu abertzaleen artean. Gogorra izaten ari da elkarren arteko aliantza behar zuenaren naufragioaren biharamuna, eta gehiengo sindikala inoiz baino ageriago geratzen ari da Guadianarena egiten: orain bai, orain ez.

«Kontrabotere ereduan» kokatzen direnen eremutik kanpo, ordea, ez daude etxafuegoak jaurtitzeko moduan. CCOO eta UGTren gutxiengo sindikala-k hautsi egin du Eusko Jaurlaritzaren Elkarrizketa Sozialerako Mahaia. Herren jaio zen Aburtoren garaian, sindikatuen ordezkaritza nahikorik gabe, alegia, eta Lakuak Confebaskekin esklusiban egin berri duen enpleguaren aldeko elkarlan akordioak «dinamitatu» egin du, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan. Mindu egin du argazkitik kanpo gelditzea, nahiz eta behin eta berriro esan duen ez zeudela «soilik argazkian azaltzeko». Maria Jesus San Jose Lan sailburu sozialista ari da konpontzen Beatriz Artolazabal Enplegu sailburu jeltzaleak bideratu duen itunaren xextra; ELA eta LABen arabera, «Jaurlaritzaren politika neoliberalei zilegitasuna emateko tresnak» bai baitu garrantzia Lakuarentzat. Haserretuek, ordea, mahaira itzultzea garesti jarriko dutela agindu dute: Confebaskekin egindako ituna ez bada erretiratzen Urkulluk jai duela diote, nahiz eta hark mea culpa kantatu duen ja; bere erara, hori bai.

Sendo diharduen elkarlana

Eragileen kolaborazio estrategian aldaketak ekarri dituen urte hasiera honetan, ordea, bada osasuntsu diharduen elkarlan bat: Eusko Jaurlaritzarena eta Confebaskena. Iñigo Urkullu lehendakaritzara iritsi berritan egon zen urratu txikiaren ostean —sektore arteko itun baten aldeko Lakuaren saioaren harira—, dena joan da eztei bidaia baten moduan gobernuaren eta patronalaren artean; Azpiazuren soldata igoera eskari desafinatuak ere bezatu dituzte. Jaurlaritzaren lehen bazkidea, «erreferentziazko negoziatzailea» Confebask dela «aspaldian» dakite ELAk eta LABek, eta orain garbi geratu zaie CCOOri eta UGTri. Bazekiten ere, noski, patronalarekin eta Jaurlaritzarekin adostu zutenean gutxiengo sindikalean egindako eragin mugatuko lan itunak orokortzea, baina argazkian ateratzeak ordain bat izango zuela uste izan zuten, eta ez iritsi den bazterketa.

Eta nola dago Beiruteko planoa hainbat auzotan egondako hausturen ostean? Ba, alde batera patronala dago, Jaurlaritzak praktikatzen duen enpresaren aldeko politika estrategikoarekin eroso baino erosoago; eta bestera, sindikatuak, inoiz baino banatuagoak, eta bakoitza bere gerra egiten, salbuespenak salbuespen —Bizkaiko bulegoak, adibidez —. Maiatzaren Lehena banaketa horren adierazle izango da, etzi. Sindikatuen leloak antzekoak dira, baliokideak sarri, baina hor amaitzen da batasunerako borondatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.