Angel Erro.
JIRA

Ligatzeaz

2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bik ez dute ligatzen, bi ez dira koaligatzen, batek ez badu nahi. Espainiako bi alderdik hurbilketa saioa egin dute, baina batek ez du roilo-rik nahi izan. Euskaldunok maite kontuetarako zail xamarrak garelako topikoari jarraiki, euskotarra izan da oztopo gehien jarri duena; negoziazioa hasi bai, baina hasieratik beretik hotz, azkenean ezertan ez amaitzeko. Rosa Diez sodupetarra, titaniozko andrea, lagun batek deitzen duenez, plazara atera da eta munduari iragarri Albert Riveraren Ciudadanos alderdi orobat espainol zaleak ez dituela kalitate demokratikozko UPyDren irizpideak betetzen. Ez du argitu horiek zeintzuk diren. Aurreko batean, flirteoa hasi zenean, Diezek iradoki zuen Ciudadanos-ek (orduan Ciutadans) ez zuela Espainia osora proiektatuko egitasmoa. Hura da akaso kalitate demokratikoaren neurria UPyDn. Riveraren alderdiak, halere, Kataluniaren mugak gaindituko dituela iragarri du, Diezen balizko boto-emaileen artean arrantzatuz.

Bada beste alderdiño bat, Vox izenekoa, beste euskotar batek zuzendua («pero, ¿qué os pasa a los vascos?»), kalitate demokratikoagokoa, akaso. Oraindik badago astia amodiorako. Atzoko navarrometroa ikusita, esaterako, maitemin bat edo beste piztu edo puztu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.