Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Petrolioa, 2014tik garestien: zergatik?

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Komeni da Donald Trumpen Twitter kontuari begiratu bat ematea autoari gasolina botatzera joan baino lehen. Balio dezake neurgailu moduan, jakiteko ea depositua betetzea joan den astean baino garestiago aterako zaizun. Aste honetan, behintzat, lotura zuzena izan da: AEBetako presidenteak Siriari airez erasotzeko mehatxua idatzi, eta aparra bezala igo da Brent petrolio upelaren prezioa, 72,55 dolarreraino. 2014tik ez da egon hain garesti.

«Bai, Trumpen txioak izan dira, baina baita azkenaldiko kezka geopolitikoak ere», azaldu du Mike Wallsek, petrolioaren gaineko analista estatubatuarrak. «Petrolio salerosleentzat ziurgabetasun handiak daude Ekialde Hurbilean [munduko petrolio hobi handienak dauden eremuan]. Baina egoera baretzen bada, baliteke asko merkatzea berriz ere petrolio upela».

Trump maisua da merkatuak dardarka jartzen, eta gutxienez bi su handi piztu ditu azkenaldian: Siriako erasoaz gain, Txinaren kontrako gerra komertzialarena. Bi suok badute eragina petrolioaren garestitzean, baina sinplekeria litzateke esatea bakarrik Trumpen erruz edo hari esker ari dela kariotzen urre beltza. Haren Twitter kolpeek balio dezakete termometro gisa petrolio upelari tenperatura hartzeko, baina ez da termometro bakarra, ezta hurrik eman ere.

LPEEren apustua

Urtea hasi zenetik, %8tik gora garestitu da Brent upela. Igoera hori ezin da ulertu LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen estrategia aintzat hartu barik. Saudi Arabiak gidatutako talde horrek produkzioa murriztea adostu zuen, eskaintza gutxituta, upelaren prezioa garestitzeko asmoz. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken txostenaren arabera, LPEEren estrategiak «helburua bete du», lortu baitu garestitzea.

Ez da ahaztu behar 2014tik 2016ra petrolioaren prezioa ia %76 merkatu zela, gehiegizko eskaintzarengatik. Harrezkero, gora egin du prezioak, poliki-poliki. Bide batez, gogoratu behar da petrolioaren %76ko merkatzeak ez zuela tamainako mesederik ekarri gasolindegian: 2014tik 2016ra gasolioa %29,3 merkatu zen Hego Euskal Herrian, eta %22,5 Iparraldean. Aldea nabaria da. Dolar-euro trukearen gorabeherek eta, bereziki, zergek oztopatu zuten merkealdia gasolindegietara bere osotasunean ailegatzea.

Eskari aseezina

Edonola ere, kontua da orain LPEEren estrategiarekin garestitu dela upela, baina horrek berriz ere errentagarri egin duela AEBetako eskisto petrolioaren ustiapena, haustura hidraulikoz egiten dena. Hortaz, LPEE eta haren bazkideak —Errusia eta Mexiko, besteak beste— produkzioa apalduta dabiltza, baina gainontzeko ekoizleen produkzio hazkundea 2017koaren ia bikoitza izango da. Jakina, ekoizpen hazkunde handiena AEBek izango dute aurten, egunean 1,5 milioi upel gehiago merkaturatuta.

Halere, IEAk dio ez dela behar adina petrolio ekoizten eskariari erantzuteko, eta balitekeela erreserbak erabili behar izatea. Hazkunde ekonomikoa petrolio egarriz dago, baina ekoizpenak hainbat galga ditu: LPEEren estrategia, eta Venezuelaren, Libiaren eta Angolaren produkzio motelaldia, esaterako. LPEEk ekainaren 21ean erabakiko du orain arteko estrategiarekin jarraitu ala ez; Saudi Arabiak, bederen, jarraitzeko asmoa dauka. Hortaz, ez dago itxurarik epe ertainean urre beltza merkatzeko, ez behintzat eskari handiak eta tentsio geopolitikoek dirauten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.