Angel Erro.
JIRA

Erradikala

2015eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Erradikala naiz. Abizenetik datorkidan kontu bat da. Bietako bakarra ospatzen ez bada, bat ere ez dadila kalera atera! Alardeaz ari naiz. Ezin dut egunotakoa eraman: bi alardeen kronikak, giroen gorabeherak, askotarikotasunaren aldeko dei galduak… Greziako erreferendumaren alde paratu naizen modu berean, Irunen (eta Hondarribian) ere, herri bati dagozkion auziak ebazteko bidearen zilegitasuna defendatu behar dut, salbuespenik gabe. Erabaki dezatela alardea nolakoa nahi duten eta hautatutakoa ospa dezatela, aurten dagoeneko ez, baina bai heldu den urtetik aurrera.

Alardearen arazoa konpontzeko argi dakuskidan neurri erradikalak ez dira hor gelditzen. Galdeketan tradizionalaren alde eginen balute, azken ondorioetara eraman beharko lukete tradizioaren hautaketa. Zergatik ezin du emakume batek herriko festetako desfile batean soldadu izan, baina bai, demagun, benetako armadan? Edo tradizioz —nonbait finkatzeagatik, baina nahi adina atzeraraztera prest nago— XIX. mendean debekatuta zeukaten beste edozein lanbidetan? Beraz, urte osoan emakume guztiak beren etxeetan edo, gehienez, maistra eta neskame.

Beren eskubideak murrizteko denez, emakumeek baino ezinen dute parte hartu erreferendum, jakina, bete beharrekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.