Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Italia, eta euroa, otsoaren ahoan

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
In bocca al lupo! Italieraz zorte on! esateko erabiltzen duten adierazpenak asko esan dezake Italiako politikaren konplexutasunaz eta, aldi berean, euroguneak, beste behin, bizi duen ziurgabetasunaz. Otsoaren ahoan, esan nahi du literalki esapideak. Zer segurtasun eman dezake, ordea, otsoaren letaginetara katigatuta egoteak? Kontrakoa badirudi ere, maitasun esanahia du, otsemeak otsokumeak ahoan babeslekura eramateko keinuarekin lotzen dutelako, non eta Erromaren fundatzaile umezurtzak otseme batek hazi zituen herrialdean. Baina, esapide (eta politika) italiarraren izaera korapilatua nabarmentzeko, aipatu behar da, gainera, esaldiari Crepi!-rekin erantzuten diotela: hau da, hil dadila otsoa. Zortea ulertzeko modu berezia, gutxien-gutxienez.

Letaginak han-hemen erakutsi dituzte Italiako krisi instituzionalaren harira: Erroman, Bruselan eta Frankfurten. Eta ez dira, ez, otsemearen babes betortzak.

Labirinto batean sartu du Italia bere presidenteak, Sergio Mattarelak, atzera bota zuelako hauteskundeetako irabazleek, M5Sk eta Legak, adostutako gobernua. Zergatik? Haiek proposatutako Finantza ministroa, Paolo Savona, euroaren kontrakoa delako. Merkatuek berehala zigortu dute herrialdea: batetik, herritarrek euroeszeptikoak eraman dituztelako boterera; eta, bestetik, Savona ez delako gai izan Bruselaren esaneko gobernu teknokrata osatzeko —Carlo Cotarelli NDFko ekonomista ohiari eskatu dio gobernua osatzeko, baina hark ez du lortu parlamentuaren babesik—. Labirinto italiarra. Labirinto europarra, azken batean. Euroaren geroa jokatzen da Italian.

Gobernurik ezean, bozak ziren alternatiba bakarra. Azken unean aurkitu dute aterabidea: M5Sk eta Legak gobernu berri bat adostu dute, eta Mattarelak onartu du. Zergatik? Savona euroeszeptikoa ez delako Finantza ministroa izango; baina, hara non, EBrako politika arduraduna izango da.

Merkatuetako otsoa, ulu gosetiak egin ditu asteon. Italiaren bonuen prezioek azken 26 urteetako hondoratze handiena izan dute. Arrisku sariak oinarrizko 300 puntutik gora egin du, eta merkatuen mehatxua zabaldu egin da: Espainiara eta Portugalera bereziki. Demokraziaren eta finantzen arteko talka, berriro. Alexis Tsiprasen Grezian badakite zerbait horrelako buruz burukoen inguruan.

Mario Draghiri begira

Bien bitartean, egur gehiago sutara. Guenther Oettinger EBko komisario alemaniarrak asteon esan du espero duela merkatuek erakutsiko dietela italiarrei nor bozkatu hurrengoan. Eta Italiako prentsaren arabera, EBZ Europako Banku Zentraleko buru Mario Draghi italiarrak deitu zion Mattarelari, eskatuz atzera bota zezan euroeszeptikoen gobernua. Europako establishment-aren kontrako haserre botoa hauspotzeko makina bat dirudi Europako establishment-ak. Erroman gobernurik osatu ez eta uztailerako bozak deitu izan balituzte, praktikan, euroaren inguruko erreferendum bilakatuko zen.

Erresuma Batuak erakutsi du posible dela batasuna apurtzea EB hondoratu barik, baina eurogunearen hausturak ez dauka aurrekorik: Greziaren 2015eko uda goi tentsiozkoa izan zen euroarentzat, baina euroguneko ekonomia handienetan hirugarrena eurotik ateratzeak ezbaian laga dezake diru bakarraren geroa.

Bazirudien urak baretzen ari zirela kontinentean, brexit-aren sustoa gaindituta, erreskateen aroa amaitutzat emanda Atenasen, Merkel eta Macron europar onen garaipenekin, eta susperraldi ekonomikoaren haizea lagun. Baina italiarrek Bruselaren gidoia hautsi dute.

Arazo ekonomiko handiak ditu Italiak: hazkunde txikia, euroguneko zor publiko handiena, onbideratu bako banka, eta gazteen langabezia handia. Gainera, zorraren merkatuek amildegi ertzera bultza dezakete. Kasu horretan, askok Draghirengan dute esperantza, EBZk Italia salbatuz euroa salba dezakeelakoan «egin beharreko guztiak eginda». 2012ko uztailean esaldi magiko horrekin baretu zituen merkatuak, eta salbatu euroa. Azken beltzean, EBZk OMT mekanismoa erabil dezake, Italiaren zorra muga gabe erosteko. Baina flotagailu hori Erromak eskatu behar luke, eta murrizketa batzuen truke. Pentsaezina M5S eta Legarentzat. Otsoari ere opa ez zaion egoera litzateke italiarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.