Angel Erro.
JIRA

Arraro

2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gaur —edo atzo— arraro esnatu naiz. Mundua ere bai. Ez dakit noraino eragin diogun elkarri gure arraro egote honetan. Gasteizen terrorismoaren biktimen aldeko plaka bat desagertu da, ez du egun bakar batez ere iraun, baina ez du asmo txarreko inork kendu, jarri zutenek baizik, aieru guztien arabera, oharkabeko akats bat zuzentzeko, erdara hutsean paratu baitzuten. Zer une zehatzetan ohartu ziren delako idazkuna «ilegala» zela? Desestali ondoren, aurretik? Irarraraztean? Norbaitek uste izan zuen Rajoyri ez zitzaiola elebitasunaren trago txarra pasarazi behar?

Alpeetako hegazkin istripu zirraragarrian hildakoen lepotik gustu txarreko mezu asko sare sozialetan, katalanen kontrako herra erakusten duten asko tartean. Deiren bat horiek bildu eta fiskaltzara eramateko. Gaur goizean katalanofobiaz kexatutakoak edo profil bereko beste batzuk kexatzen ari dira polizia Twitterreko mezuok ikertu behar dituelako.

Arraro esnatu naiz, abisatu dut, une batez pentsatu dudalako lehen aipatu bezalako ikerketa bat bideragarria dela honetan, mundu hain arraro honetan non, goizean goiz, atxiloketen berri entzutean burura datorkizun lehenengoa zera baita, zarata ateratzeko, Bruselan salatutakoa isiltzeko mekanismoa izanen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.