Angel Erro.
JIRA

Erantzunak

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Kazetariek politikariari itaundu diote, ea zer iritzi duen Madrilgo erkidegoko parlamentuak EAEko eta Nafarroako itun ekonomikoa kentzeko onartu duen eskaeraz. Politikari nafarra galdera haren zain zegoen eta mikrofonoen aurrean burgoi hasi da hizketan:

«Erabaki hori oportunista da, eta argi eta garbi interes politiko bati erantzuten dio. Erabakia babestu dutenek [Madrilgo PPk eta UPyDk ] ez dakite ezertxo ere Nafarroako foru erregimenaz, ez dakite ezer Historiaz, eta, horregatik, pribilegiotzat hartzen dute guretzat eskubidea dena».

Gustura gelditu da Ana Beltrán, Nafarroako Foru Parlamentuan PPko bozeramailea. Agian, gordinegi aritu da Madrilgo alderdikideen aurka. Norbaitek kargua hartzen ahal dio. Nazionalisten tesi, ikuspuntu eta are hitz egiteko moduetara makurtzeagatik (periferiako jendea azkenean erraz kutsatzen da). Baina seguru da goi-goiko agintariek ez dutela ataka gaiztoan utziko. Berari, hemen, irmo erantzutea zegokion.

Madrilen, ministro kontseiluaren ondoren, Sáenz de Santamaríari gauza bera galdetu diote. «Espainiako Gobernuak Konstituzioa errespetatzen du. Puntu horretan aldatu nahi duenak badaki zeintzuk diren erreforma prozedurak». Anbiguo erantzutea zegokion eta gustura gelditu da bera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.