garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Azala

2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Aspaldion larruazala errazegi gorritzen zaidala eta, bisita egin diot dermatologoari, Donibane-Lohizunen. Tokiotan, aurkezpen solasa baino, pinpon partidak izaten dira lehen hitzak, euskalduntasuna gailentzeko tirabira lehiakorrak, tori sakea, bota dit latza, eutsiok ba honi… Lapurdiko kostaldean bederen, ofiziala baita: gu espainolak gara, eta Pays Basque Frantzian dago. Eta dermatologoa, pazientzia tantarik ere xahutu gabe, atetik sartu orduko hasi zait gaztelaniaz.

Hendaian bizi den lagun on batek sakelako telefono-leihoan idatzita daraman mezua otu zait, hark bezala neronek ere dantzatu beharko nukeela egoerotan. Honokoa dio frantses txit garbian: «Nire hizkuntzan egin nahi badidazu, egidazu euskaraz otoi, eta bestela, plazeraz egingo dugu zure hizkuntzan. Utz dezagun gaztelania Andaluziara oporretan joaten garenerako, eta ingelesa New Yorken ditugun aferetarako».

Esertzeko gonbita luzatu didanean, antzeko zerbait esateko eginahaletan hasi natzaio, traketsago, azken esaldiko sarkasmoa hurrengo baterako utzita. Baina hura ez dago euskal koplatarako. Emozioz hasi zait berriketan, frantsesagatik ez nekatzeko adierazi eta gero: «Ui, señora, qué casualidad. Yo soy nacido en Úbeda, provincia de Jaen y patrimonio de la humanidad...».

Ai, ene...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.