garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Varufakis

2015eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Harro haizatuaren piura antzeman genion plazara ateratzen ikusi genuenean, txantxarako izanda ere beti azken hitza behar duen zinikoarena, eta futbol jokalari egolatrak ekarri zizkigun gogora, edo Bruce Willis aktorea gazteagotan: ilea galtzeak lotsatzen duelako buru gaina afeitatuta, curriculum inbidiagarria eskuetan eta sekulako mototzarra hankartean. Hain distiratsu. Hain handiuste. Hain, hain… torero.

«Isil ezak hire tramankuluaren ihes-tutua eta hator hona, txikito!» egingo zion Troika ahalguztidunak, gonbitaren ordez soka lodia lepora luzatuta, ekonomi ministro karguan haien epaira makurtu behar izan zuenean; «Hik hartu behar dituk hemen, zezena gobernatzeko praka estuak. Hik hartu behar dituk hemen, belarriak mozteko abileziak eta banderilla zorrotzak», Lagarderen alboan eskas duen metro erdia hain zuzen inteligentzian edo duintasunean faltako balu bezala.

Europako hedabide garrantzitsuenek erreferendumeko aurreikuspenak apropos desitxuratu dizkiguten honetan, izuak inoiz baino ate gehiago ixten duela irensteko zorian geundela, Giannis Varufakisek lezioa eman dio munduari. Zortzi hilabeteko epean, esana beteta eta garai bateko utopia zaharren sinesmena herriari itzulita utzi dio karguari. Toreroa baino harroago. Bejondeiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.