Ohikoa den legez, sosak xahututa eta sabelaldean bizpahiru kilo metatuta alde egin zuen turistak. Apartamentua txukun utzi, puskak bildu, haurrak autoaren atzeko aulkietara lotu eta martxa. Autobidera lerratu aurretik, baina, azken itzulia eman nahi izan zion herriari, hondartzako ortzi-muga kontenplatu, Txingudiko badiaren ederra miretsi eta supermerkatuko langile atseginari agur esan—hura bai jateko modukoa—, biderako pare bat botila ur erosteko aitzakian. Edaria ez ezik, «Frantzian fabrikatutako» espartin koloretsuak ere erosi zituen, familia autoan zain zuen bitartean. Eta lau katilu zuri-gorri, piperrez nahiz lauburuz apainduak, haietan zerbitzatutako esneak oporren suspirio txiki bat eragingo zielakoan.
Handik herri kaskora, trenbide gaineko zubitik barrena, Errepublika plazari paraleloan. Eta herriko etxea igaro berri, eliz ondoko loreontzi zainduak besterik espero ez zituen txokoan hain zuzen, gizaseme zargaldu batek, zikin eta zarpail, txorkatilako zaina zulatu zuen xiringaz. Zer pentsatu jakin ez eta bisitariak uxatzeko jukutria lotsagabeegia iruditu zitzaion turistari. Seinaletzat harturik, Gaztelu Zaharretik behera hartu eta A-63 errepidera jo zuten, zuzen-zuzen egunerokotasunerantz. Urte osoan gris ageri den lurralderantz.
BIRA
Turista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu