garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Bizikleta

2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Arratsaldeko seiak inguru. Giro gozoa azkenerako, eta udako plana luzatu nahian dabiltza denak, zahar nahiz gazte, kalean. Batzuk paseoan, beste batzuk bankuetan eguteran jarrita, eta gehientsuenak plazatxoa dirudien biribilgunean, sasoiko artisau feria koxkorrean, gazta, lukainka, pitxi, mahairako zapi eta ardo saltzaileen artean kuxkuxean. Berriketa entzuten da nonahi.

Afaritarako gutiziaren bila heldu den emakumea zebra-bidea igarotzen hasi da azokatik farmaziarantz, besape batean ogia eta bestearen ukondotik zintzilik zorro astun bat daramatzala. Hirugarren marra zuria zapaltzean, eskuinetik datorkionak ernatu du: 60 urte pasatsu dituen emakumea, bizikletan ziraldoka, marmarka eta txirrinka. «Putain!», bota du ozenago, bere bidean lasto-fardoa aurkitu izan balu bezala, «hain metro gutxitan hainbestetan gelditu beharra ere!».

Zebra-bideko emazteak, harri eta zur, aurrera egin du tinko, baina hotzikara batek astindu du goitik beheraino, oinezkoenganako begirune gabeziak adin edo sexu jakinik ez duela beste behin berretsita. Espaloira heldu delarik, pentsamendu bortitz batek gogaitu du: zer ez ote liokeen egingo amona horrek, bizikletaren ordez autotzarra balerama… Antzarak ferratzera bidali du, hark entzuteko berandutxo den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.