Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Bestondoa

2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Ederra izan zen igandekoa... auskalo, historikoa... Ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula hainbeste milaka lagun uda bezperako igande eguerdi eguzkitsu batean errepide ertzean jartzea, are eta gutxiago askatasuna lan ordaindutik kanpoko uneetan besteekin lotu gabe nahi duguna egitearekin parekatzen dugun garaiotan. Ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula etsaitasun politikoak goirik ankerrenak jo dituen gure jendarte honetan elkarri eskutik oratzeko testuingurua sortzea.

Baina bestaren bozkario aparren jaitsierarekin batera bestondoa etorri zait, eta gorputzaldia ilundu zait gaupasa euforikoaren ondorengo egunsentian nola. Izan ere, etorri zaizkit gogora azken egunotan katearen ekimena aipatu dudan bakoitzean zertaz ari naizen jakingo ez balute bezala begiratu didaten adiskideak. Edo, are, asperdura keinua egin didatenak, eta adierazi gogaituta daudela gure betiko rollo identitarioarekin, beste batzuk direla benetako kezkak —CanVies eta CIUren aipamena barne—. Edo, zuzenean, goitik bezala «nazionalismoa» esanez eten didatenak. Eta ez dira PPSOEkoak —tartean, jeltzaleen boto-emaile dezente ere bai—.

Alegia, luzea, begi-belarriak erne, tentuz eta irekitasunez egitekoa dela bidea. Eta aldi berean ezinbestekoa gure ditxosozko gatazka sano orbainduko badugu, demokrazia mamituko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.