garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Historikoa

2015eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Tsipras jaunari Europako kuadrillaren menera uzkurtzeko epe ofiziala bukatu zitzaion egunean, hain zuzen horregatik Mariano Rajoy makur demonioari pozak gainezka egin zioneko hartan justuki, zerura begira zeuden zientzialariak. Batetik, ordulari atomikoa astronomikora egokitzeko ahaleginean, gure denbora doitu beharra zeukatelako, edo, bestela esanda, Greziari ukatu zitzaiona eman nahi ziotelako ekaineko azken egunari. Alegia, beta tarte eskas bat, segundo miserable bat, guztiz hutsala iruditu izanagatik ere, desfase surrealistak ekidin ahal izango dituelako. Kasurako, bi mila urte barru eguerdia arratsaldeko 14:00etan suertatzea. Edo 85.000 urte igarota, eguzkiaren zenita gauerdian gertatzea.

Beste zientzialari mordo batek, berriz, 1908an Siberian gertatutakoa gogoan —zerutik eroritako suzko bola batek 1.200 km2 baso kiskali zituen segundotan—, Asteroideen Eguna izendatu zuen herenegungoa. Dinosauroak suntsitu zituen harri kozkorraren neurrikorik espazioan ageri ez den arren, meteorito txikiago batek ere egundoko hondamendia eragin dezakeela ohartaraztea zuten helburu. Gure bizitokia babestu beharra dago, beraz. Elementu arriskutsuak detektatu eta bidean leherrarazi, edo oztopoak ezarri, inora hel ez daitezen… Ala Greziaz ari ziren?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.