garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Presoak

2015eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Diskurtsorik gabe utzi gintuzten, kondena ofizialera lerrotzen ez diren azalpenak, infantilenak ere, zigor mehatxupean debekatuta. Geurez ere, mututu egin ginen. Etsitu. Lotsatu. Aldatu. Axolagabetu. Orain ez dago erakunde armatuaren usainik, ez giroan, ez kalean, ez gure egunerokoan, ez arrunki gurutzatzen den inoren berriketan ere. Baina inkognita mordoa utzi digu, honez gero batzuentzat tabu izateko bidean denaren lorratz fantasmagorikoak.

Geroztik, oinarri-oinarrizkoena ahoan hartuta txunditzen gaituzte haurrek. Halako ezusteko batean, ETA zer den galdezka. Edo zergatik dagoen halakoren aita, ama edo dena delakoa kartzelan. Guk, berriz, ez punta eta ez ipurdi duten esaldiak kateatuz harritzen ditugu haiek; estutzen joan ahala, isiluneak tartekatuz… «Herria maite duelako (!?)». Geure garaian, gurasoei haurrak nola sortzen diren galdetzen genienean bezalatsu. Adibide ergel bat jartzeagatik.

Nik ere badarabilkit zenbait galdera eta nahasmen. Noiz arte itxaron beharko duten presoek eta iheslariek. Azken ordaina izango ote diren. Haien damua exijitu beharrak denon historiari uko egitea dakarren, edo asimilazio totala. Zenbat belaunaldi beharko diren gatazka honen gainean natural xamar hitz egin ahal izateko. Ausardiaz. Debekurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.