Badut lagun bat gaztetxotatik herrigintzan aritu dena —auzo elkartean, euskalgintzan, kultur sustapenean, buruko gaitzak dituztenei laguntzeko elkartean... —, baina beti mesfidantza moduko bat eragin diona alderdien araberako politika instituzionalak. Bada, bizitza osoko militantziaren ostean udal politikan sartzea onartu zuen azken hauteskundeetan, debekuek behartuta. Hala egin zen hautetsi.
Eta izaten ari den bizipenari buruz kontatzen ditu gauza gozoak eta garratzak. Eta mingotsenen artean aipatzen du gogorra egin zaiola hainbat diru xahuketaren berri izatea, eta, batik bat, ohartzea gaur egun nekez ematen duela inork pausorik debalde, ezta herriko kultur talde jatorrenek ere. Eta sarri piztu zaigu eztabaida, nik esaten baitiot zergatik lan egin behar duen dohainik dantza irakasleak edota ipuin-kontalariak, ordainak besteen begietara ere duindu egiten duela haien jarduna.
Halako eztabaida baten ostean irakurri dut kazeta honetan Ander Lipusek kultur trasmisioaz idatzitako artikulua; han kontatzen dituen haur-gaztetxotako bizipenek neureetara garraiatu naute: asteburuetako dantza, kantu eta antzerki entseguetara, eta, batik bat, musu truk aritzen zen hainbeste jenderengana. Lagunari deitu diot, esateko baietz, arrazoi duela, eskuzabaltasuna balio handi bat dela.
BIRA
Eskuzabaltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu