garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Sekretua

2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Sarri, bere baitara bildua ikusten du amak semea. Begiratzen dion aldiko, burua makur du, eta axota eskuan, sukaldean aurkitzen dituen fakturen atzeak edo zernahi zirriborratzeko saioan. Amak etekin hobea atera nahi lioke arrastoa utzi behar horri, eta egunkaritxoa oparitzea otu zaio, sekretuak idazteko erabiltzen den horietarikoa. Denbora hartu du egokiaren bila, paperak zuria behar du, giltzarrapoak benetakoa eta azalak ukitze leunekoa, hain baitu argi gauzak horrela bete-betean asmatuko duela.

Zelofanez atonduta eman dio mutikoari eskura. Hark, alabaina, ziazerba platerkada balitz bezala hartu dio oparia: aurrea begiratu, atzea usaindu, irentsi ezin eta azkenean bazterrera. Harri eta zur dago ama, egunkariak laketu ez duelako, baina batez ere zergatirik azaltzen ez diolako. «Idazteko nagiaz harago, zer burutapen ote darabil gizajoak —bere artean—, sekretuak irakurriko dizkiogun beldurra? Baina zer ote liteke, ordea, inork deskubritu beharko ez genukeena? Maitemin goibela? Bere sexualitateaz kezka? Lagunen muzina? Bullinga?!». Okerrenera jarrita, edonora jarraika hasi zaio, eta gaiaz matraka ematen.

Mutikoak, erraz libratzerik izango ez duela konturatuta, egia esan behar izan dio azkenean: «Ez dakit gauzek h—a non duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.