Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Ferguson

2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Egunero bezala Ak eta Bk 07:20an egin dute topo, Hendaiako trenbide gaineko zubian. Egunero bezala, aurrena eguraldia: «Ailegatu da lanbroa», Ak. «Bai, baina, hala ere, epeletik dabil», Bk. Egunero bezala, elkarrekin abiatu dira aldapan behera, lantokirako trena hartzera. Lehen, topoa zen. Orain, bat-batean, kosmopolitismoaren aztiak ziri magikoarekin igurtzi duelako-edo, Donostialdeko metroa. Egunero bezala, isilik doaz. Esaldi laburrak botatzen dituzte tarteka. «Haurrak gau txarra pasa du», Ak. «Zerbikalak txikituta dauzkat», Bk.

Ez dabil jende askorik kalean, baina badator norbait espaloian gora: jantzita daraman arropa saldoak eta tiraka daraman karrotxo zamatuak salatzen dutenez, aterperik gabe bizi den bat. Parera iristean Ak espaloiaren ezker aldera egin du eta Bk eskuinera: pasabide zabala utzi diote; oso zabala.

Ordura artekoa baino ahots piztuagoz, zera esan du Ak: «Irratian entzun dut zalaparta handiak lehertu direla AEBetan, udan gazte beltz hura hil zuen polizia libre utzi dutelako». Suhartsu Bk: «Bai, aditu dut neuk ere... Bai arrazistak direla yanki-ak». «Hipokritak», errematatu du Ak.

Geltokian, ohiko kontrola dauka jarrita Frantziako Poliziak. Guardia Zibilarekin ez bezala, batere urduritu gabe pasa dira A eta B.

Paretaren kontra daukaten gazte beltza ez dute ikusi ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.