Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Lapurreta

2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ikusi orduko esan dit lagunak: «Badakit zergatik zabiltzan begitartea goibelduta, Greziakoagatik da». Begirada huts batekin erantzun diot. Segitu du: «Neu ere halaxe nengoke zeuk ibili duzun festa ibili izan banu: Grezia, gerezia, Ziritza, Syriza, cereza, cerise... Hainbeste udaberri, iraultza eta berritze, zer eta gutxieneko berdintasun keinutik urrun gizon hutsezko gobernu bat eratzeko». Isilik geratu naiz. Ez dut nahi oraindik Syriza/ziritza hitz jokoarekin barrez lehertzeko desiratzen daudenen arrazoiketa gizendu; fedean iraun nahi dut oraindik.

Lagunak, ordea, berriro ekin dio. Beste bide batetik orain. Diosta muinean dabiltzala oker Syriza, Podemos, eta gure ezker propioko proposamenak. Muinean dabiltzala oker, hain justu, austeritateari kontra egitea bihurtu dutelako bandera. Sutsu erantzun diot neurea ere badela bandera hori: gutxi batzuek izarigabeko oparokeria lardatsean bizi daitezen gehienen bizimoduei aplikatutako herstura itotzailearen kontrakoa, alegia.

Baina lagunak dio austeritatea ez dela laztura eta gogortasuna bakarrik. Aitzitik, austeritatea badela baita ere soiltasuna eta xumetasuna; edukitzearen liluratik izatearen gozamenera iristeko modua. Erantsi du, egin diguten lapurreta handiena esanahiena dela.

Isilik geratu naiz, ez baitakit zer erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.