garbine ubeda goikoetxea
BIRA

'Euskaranoia'

2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Nire amesgaiztoak korri egin beharrari lotzen zaizkio sarritan, ataka bihurretik ateratzeko premia gorriari, ailegatu nahiari. Makina bat mamu izaten ditut segika, bat ez bada bestea, eguneroko ezinaren ordezkari, eta paralizatu egiten naute, mututu. Ez baitakit kasurako jokaera egokia zein den, nire baliabideei ihes egiten dietelako, gogora etortzen zaidan erantzun bakarra purrusta delako, edo etsipena.

Mamu suntsitzaileak dira, eta ahaltsuak, nonahi eta beti. Esate baterako, Asimilazioa, euskaraz hasitako esaldiak erdaraz amaitzera bultzatzen gaituena, euskaldun petoak bereziki jotzen dituena.

Esate baterako, Errazkeria, komunikazioaren izenean burua makurtzera animatzen gaituena; eta Mordoiloa, batzuk euskaƱolera eta besteak eskuarantsesera bideraturik, elkar ulertzeko lanak eta ez makalak sorrarazten dizkiguna.

Esate baterako, Konplexua, ikusmira deformatzen duen ispilu madarikatua. Gureari modernitate edo bizitasun falta islatzen diona, eta besteenari berriz, gatz-piperra, prestigioa, munduratzeko ahalmena. Euskararen ajeen aurrean sasi-filologo sentiarazten gaituena, ez ordea, akatsez konturatzeko, zuzenketa onartzeko, ikasteko eta trebatzeko behar bezain apal.

Korri egin dut. Mamuak garaitu eta euskahaldun sentitu. Hain da zaila...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.