garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Dentista

2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Haginlariaren itxarongelan dago andre estresatua. Letaginaren ondoko pieza pitzatu du, hortzak estututa daramalako bolada luzea, eta ez metaforikoki, literalki baizik, bruxismoaren ondorioz. Aldizkari femenino bat hartu du mahaitxotik, urdailean bildu zaion ezina despistatzeko.

Ā«Esadazu zer ipurdi mota duzun, eta hura gogortzeko zer egin esango dizutĀ», irakurri du hizki larritan. Lau atzealde mota bereizi dizkio artikuluak. Batetik, biribila, sinpleki ederrena. Bestetik, karpeta-ipurdia, laua eta zabala, besapeetatik beheranzkoan dena karratu berean datorrena. Hirugarrenik, triangelu ekilateroa, gerri estu eta aldaka zabaleko neskena; pistola-zorroak ateratzen omen dira lantzen ez bada. Azkenik, gezia edo buruz beherako hirukia. Jabeari gerrialdean gizenkia pilatu eta behean mamiak bigundu egiten omen zaizkio aise. Hain zuzen, berari bezala. Lauretan penagarriena omen, ariketa bidez zuzendu ezinik, bestela disimulatu behar izaten delako.

Haginlariak hots egin dionean negar malkoak atera zaizkio. Ez daki zerk atsekabetu duen benetan, aurpegia anestesiatu dion ziztak, erle gogaikarriaren hotsa duen tresna zulatzaileak, segidan emango dioten zaflako ekonomikoak edo bere generoko adituek ere gaizki osaturiko figura geometrikotzat jotzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.