garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Txingoma

2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ni neroni bezalakoa baldin bazara—alegia, normal-normala—, nekez saihestuko dituzu torpedo musikalak. Boladan haizatzen diren abesti likatsu horiek, semaforoaren zain ateratako muki lirdinga hatz erakuslera baino are temosoago itsatsiko zaizkizu garunean, neuronarik neurona bidea eginda. Arretarik jarri gabe entzun badituzu ere. Eta orduan, jai. Akabo.

Jabetzen zarenerako, disko akasduna besterik ez zara izango, behin eta berriro eta ezinbestean, abiapuntu berera itzultzen den doinu-lelo pitzatua, hura kanta eta kanta. Laktosarik gabeko zerak mendean hartu nindueneko hartan bezala, «On-do sen-ti-tu, as-ke sen-ti-tu, na-na-na na-na»... Kaikua baino kaikuago, gau erdiko txiza ere ezin izan nuen isilik egin aste osoan, demontre.

Errepikan ari zaizuna abestia edo bestelako leloa izan, txiklea omen da kasuotarako mesedegarriena. Murtxikatzeak pentsamendu sarkorra uxatzen duelako, aho zuloko gihar multzoa lanean jartzeak kontzentrazioan laguntzen duelako, Erresuma Batuko ikerlari talde batek dioenez.

Ez dakit ba. Pakete bat daukat eskueran, denak batera ahoan sartzeko pronto. Hauteskunde kanpaina osoa daukat traban, «aldaketa» eta «aldaketa» eta «aldaketa», kakofonia ustelean. Kendu nahi nuke burutik... Sabelean haizea emango dit ordea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.