garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kafesnea

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ohiko kafetegia utzita, auzoan zabaldu berri duten tabernara jo du andreak, bederatziak aldeko pizgarriaren bila. Astebete lehenago, lauzpabost egunez bertaratu ziren hara gizona eta biak, gosari legea egitera. Tabernaria, 55 bat urteko gizaseme hitzontzia, adiskide minaren plantan aritu zitzaien hizketan, honetaz eta hartaz, lehen egunetik; baita ikusi orduko ezagutu eta molde beretik segida eman ere, hurrengoetan.

Gaur, baina, senarrak goizeko lan-txanda duelako bakarrik heldu den honetan, harrituta begiratu dio sukaldeko ate ertzetik, alaiki agurtu duenean. Itzuli dio diosala, baina nolabait behartuta, inoiz ikusi gabekoari nola, eta ondoan duen garagardo hornitzailea ohartarazi du ahapeka, berea ez baina haren ezaguna ote den galdezka. Hura ere txundituta, faktura eskuan.

Emakumea, bakarka ezagutu ez duelako lotsatuta, barrako sozioak atera dion kafesnean ezkutatu da nola-hala, koilaratxoa katiluan sartu, eta gozokirik eman ez dion arren, zurrunbilo ketsua eraginez. Jira-birari begira, ikasketa handiko emakumeak etorri zaizkio akordura, goi karguetarako ikusezin bihurtzen diren horiek, eta galdera bat eta bera sortu zaio horren haritik: beirazko sabai famatua tabernetaraino erori ote den.

Senarraren eskutik ere ez omen da itzuliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.