Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Euria

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Iparretik dator haizea, harro, eta berarekin dakar euria. Leihoaren kontra lehertzen dira tantak, eta bakoitza isurtzen da bere bidean: bihurgune dotorea marraztu du batek, sendoa. Laster apurtu da, ordea, leihoaren markoa jota. Aldiz, hasieran ahul-ahula ematen zuen beste bat ibilgu luzea sortzen ari da, mehe baina agorrezin.

Burua egunkaritik jaso eta leihoari begira jarrita dago, euri tantei adi: erreparatu dio markoaren kontra hain bizkor lehertu den potoloari, oraindik ere irristaka aztarna lagaz doan txikiari, eta justizia poetikoa etorri zaio burura, jakina.

Altxatu eta berogailuen termostatora hurbildu da: 19 gradutatik 20ra igo du, oinak zertxobait hozten sentitu ditu-eta. Gero, kafea prestatu du sukaldeko kafe-makina berri distiratsuan. Kikararekin itzuli da egongelara, irakurketarako besaulki ergonomikoan jarri, eta eman dio zurrutada kafeari: bikaina, ostatu onenetakoen inbidiarik gabekoa. Egunkariari heldu dio berriz, baina laster gogaitu da: enplegu gabekoak, etxeetatik kaleratuak, osasun tratamendua ukatzen zaien pertsonak... Leihora begiratu, eta bere handian lehertu den tantaz eta bere txikian luze iraun duen besteaz gogoratu da: justizia poetikoaz, jakina. Goxo kizkurtu da besaulkian.

Ahaztu egin zaio, ordea, iparraldeko erauntsi harroak erabakitzen duela, funtsean, tanta bakoitzaren bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.