garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Ideologia

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Izaki sentiberak dira politikariak, erromantiko porrokatuak, egunerokoari musika ateratzen apartak.

Batzuek, UPNko buruzagiek kasurako, ezin gehiago puztutako izenondoak behar izaten dituzte, adjektibo potzolo-potzoloak alegia, beren barne grina eta asmo onak azaldu ahal izateko, eta bide batez, bihotzak sistolean egiten dien kalejira doinua ulergarri bihurtzeko herri xumeari. Hiztegi klasikoak, are gutxiago Sarasolarenak, ez baitu berez ordainik halako kastakoen sentimen noblea azaltzeko. Zer den parerik gabea izatea, aizue. Baina ba ote da egiatiagorik, ba ote da benetan garbiagorik, ezertan hasi aurretik zarena ondo esplikatzea baino. Definizioak munduko esparrago onenaren eslogana taxutuko badu ere: navarrisimoak gara, garai bateko cojonudoak.

Beste batzuek, esate baterako Julien Dray frantses sozialistak, paisaiaren lanketara joko dute introspekziora baino lehen, eta Halloween gaua eszenaratuta, estilo gotikoz edertuko dizkigute agonia-giroak, bele beltzak eta otsoak dekoratuaren parte eginez. Edgar Allan Poek berak ere ez lioke hasiera hobea asmatuko diskurtso gisa darabilen ipuinari: «Ezkerra hilzorian dago, harenak egingo du aurki…». Zonbien gisan dihoazkio atzetik gazte, langabe, etorkin, jubilatu eta enparauak. Hori duk-eta festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.