Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Filmetakoa

2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iñakik adarra jotzen dio Maiteri. Adarra jotzen dio Zinemaldia iristen denero eraldatu egiten delako emaztea: ileapaindegira joan eta ohiko orrazkera diskretua kolore bizietako xerloekin alaitzen du, edo ordenarik gabeko kiribiletan harrotzen. Eta albo batera lagatzen ditu ohiko alkandora, praka eta jaka serioak, eta armairutik ateratzen ditu uda bete-betean ere apenas janzten dituen soineko koloretsu eta eskote zabaleko blusak. Eta ezpainak bizi-bizi margotzen ditu. Eta, gainera, ohiko ohitura zurrun eta estuak pikutara bidaltzen ditu: ama erabat dedikatua dela ahaztu eta bere kargu lagatzen ditu astebetez Irati eta Nora. Eta lagunei deitzen die elkarrekin zinemara, edo afaltzera, edo, besterik gabe, hor zehar ibiltzera joateko. Eta gauerdia atzean utzita etxeratzen da, nekerik gabe, biharamunean goiztirian jaiki beharko ez balu bezala.

Iñakik adarra jotzen dio, esanaz badakiela zertan dabilen: nahiko lukeela han edo hemen Denzel Washingtonekin topo egitea, edo Richard Gererekin, edo Brad Pittekin, eta lehen begirada kolpetik pasioaren beroa sentitzea, eta filmetako amodio bat bizitzea.

Maitek muturra zimurtu eta zokormazokeriak lagatzeko erantzuten dio: kulturagatik dabilela bera. Baina batzuetan izaten du tentazioa egia aitortzeko, eta esateko baietz, arrazoi guztia duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.