Haizea Barcenilla
BEGIZ

Emakume artisten beharra

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Nola egiten du greba emakume artista batek? Praktikan, estudioa itxi eta ordenagailua itzaltzearekin konpontzen da. Baina zein dimentsio publiko du greba horrek? Nola nabarmentzen da lan ezkutu baten hutsunea?

Martxoaren 8ko grebaren arrakasta handienetakoa zaintza lanak ikusgai egitea izan da; hots, ekoizpenera zuzendu beharrean erreprodukzioan zentratzeagatik, gizarte kapitalistaren itzalean, lana kontsideratu gabe, burutzen diren beharrak ikusgai egitea. Bazkaltzeko zer egingo den pentsatzen eta hura prestatzen, etxea atontzen, umeen ipurdia garbitzen, aitona elbarrituari janaria ematen eta abar pasatzen diren hamaika orduak publikoki aurkeztu dira behingoz, eta gizartean zein leku duten galdetu da ozen. Mahai gainean jarri da behar horiek lanbide ordaindu ez bilakatzeko sistemak erabiltzen duen estrategia pozoitua ere: Amaia Perez Orozkok azaltzen du emakumeon identitatearen atal bihurtu direla, eta amodiotik, bihotzetik, egindakoak izanik, horien kontsiderazio ekonomikoa planteatzeak ere lazgarria dirudiela.

Grebari esker, bizitza mantentzeko lan horien gogortasun zein nahitaezkotasuna agerian geratzen hasi da, eta, aldi berean, haien mistizismoa deseraikitzeko eta gizarte gisa ardura kolektiboa hartzeko dagoen beharra adierazi da.

Artearen lanarekin antzekotasun handiak suma daitezke. Artistek arteari dioten pasioagatik egiten dute lan; ikuspegi idilikoa da, naturalizatua, eta, ondorioz, ez da ordaintzeko beharrik ikusten. Gainera, artistaren eginaren atalik nagusiena ezkutukoa da: probak eta probak estudioan, orduak ikerketan, lankideekin kontraste elkarrizketak, eta abar. Gutxik imajina dezakete artelanen atzean ezkutatzen den ordu mordoa. Balorazioa, aldiz, artelana merkatuan sartu bitartean ez da iristen askotan, galeria batek saldu edo museo batek erosten duen arte. Artista gehienek beste lanbide bat izan behar dute bizitza ziurtatzeko, eta horrek, jada, bi jardun pilatzen dizkie. Emakumeak badira, gainera, azkenean hirugarren bat ere badago, etxeko lanei edo umeen zaintzari dedikatzen zaiona. Egoera jasangaitz horretan, maiz murriztu behar da alderdi bat; gizonezkoen artean, etxeko lanak edo zaintza izan daitezke; emakumeen kasuan, artea da beti.

Beraz, egun bateko grebaren indarra ukatu gabe, beste estrategia batzuekin uztartu beharko dute emakume artistek. Haien lana aintzakotzat hartzea nahi badugu, ikusezintasunean uzten dituen sistema aldatu beharko da. Nago haiek aldaketarako prest daudela, baina aliatuak behar dituzte, besteak beste, azken ekoizpenean tematu beharrean lan egiteko denbora eta bizi-kalitatea bermatuko dizkieten instituzioak, eta, era berean, esparru sinbolikotik egindako ekarpenak baloratzen dizkien gizartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.