Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ikusteko era matxista

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Martxoaren 8an milaka emakumek hartu zuten kalea, emakumeok historikoki jasan dugun diskriminazioaren amaiera aldarrikatzeko. New Yorken jabetu ziren; Bilboko Arte Ederretako museoan, aldiz, badirudi ez zirela ezertaz jabetu. Edo hori pentsarazten du zentroak antolatutako Museografia. Artea ikusteko erak udako ikastaroak.

Aurrekariak: urteak daramatzagu artista, kritikari, irakasle eta komisario askok, gehienak andrazkoak baina ez soilik, museoak emakumeen aurka bultzatzen duen jarrera diskriminatzailea salatzen. Azken hamar urteetan egindako 50 banakako erakusketetatik bi besterik ez dira emakumeenak izan; haietako bat, artistak bere lan guztia museoari dohaintzan eman ziolako. Hamarkadak daramatza museoak emakume artisten lanak apenas erosi gabe; bildumak euskal artearen historia erabat maskulinoa inposatzen du. Hainbat kolektibok kexak aurkeztu dizkiete Eusko Jaurlaritzako Kultur Zuzendaritza zein Arartekoari, eta aintzat hartu dituzte, Arartekoak egoera larritzat ere jo baitu.

Baina museoa, Ikea legez, errepublika independentea omen, zuzendaritza berriak ez baitu gai honen inguruko inolako gogoeta sendorik planteatu. Kontrakoa: aurten, museologiako kurtsoa aurkeztu denean, amorruz zein harriduraz ikusi dugu hamalau parte hartzailetik (komisarioak, museo zuzendariak, artistak, ikerlariak..) bi bakarrik direla emakumeak. Are, esango nuke Miren Arzalluz euskalduna beharrean Valentziakoa balitz, ez zuela gonbitik jaso izango, Palais Gallierako zuzendaria izan arren.

Emakumeok museologian dugun presentzia izugarria da: nahikoa da edozein museoko bulegoetan sartzea emakumez inguratua egoteko. Egia da botere esparruetan gizonezkoak izan direla nagusi, baina joera hori aspaldi aldatzen ari da. Hasieran, alderdi honetan mundu osoan ezagunak diren emakumeen izenak luzatzea izan zen nire ideia; baina gauza bera errepikatzeaz nazkatua nago, eta ez nago museoari lana egiteko gogoz. Batez ere, errazagoa deritzodalako emakume museologoak aurkitzeari halako programa matxista egiteari baino.

Hain zuzen, bere izenez deitu behar diogu: programa guztiz matxista da, eta Ikusteko erak beharrean, Gizonen ikusteko erak deitu beharko litzateke. Are tamalgarriagoa da izenaren hautaketa, John Bergerren liburuan oinarrituta, baztertzen duelako hark emakumeon irudiaren gainean egindako gogoeta guztia; John Berger lotsatu egingo litzateke bere izenburua programa honi lotua ikusteaz.

Bilboko Arte Ederretako museoa diru publikoz hornitzen da, emakumeon zein gizonen diruaz; gure kulturaren historiari forma ematen dio, eta forma hori matxista eta erreakzionarioa da. Instituzioek onartu eta sustatzen dute haren jarrera. Neurriak behar ditugu, premiaz. Aski da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.