martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Kalkulagailuak

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ez dakit gaurko hauteskundeek irudikatu dizkiguten ate guztiak zabalduko diren hurrengo asteotan. Kasu batzuetan, urte asko eman dituzte ate horiek itxita herritarren zati handi batentzat. Eta, ikusi egin beharko da, ematen du agertu direla ate horiek zabal ditzaketen giltzak.

Askotan eztabaidatu dugu, Vicent, zuen Valentzia ez dela gure Nafarroa, eta beste horrenbestetan esan izan dizut ez direla berdinak; baina adierazgarria da bietan, Nafarroan eta Valentzian, ikusmina eta itxaropena sortu izana aldaketarako.

Hauteskundeetan, bi kalkulagailu izaten dira: elektorala eta politikoa. Aurrenekoaren emaitza herritarrek erabakitzen dute; gaur egingo dutena, alegia: gehiengoak eta gutxiengoak, irabazleak eta galtzaileak, sorpresak... Baina kalkulagailu politikoa alderdietako arduradunek erabakitzen dute nola erabili; eta hor, bigarren kalkulagailuaren erabileran, denetatik gerta daiteke, batzuetan sorpresa handiak ere bai.

Kalkulagailu elektoralak oso botoi gutxi edukitzen ditu, eta politikoak, asko; kalkulagailu zientifiko batek adina, edo gehiago: senoa, kosenoa, angelua, logaritmoa, gradoa, esponentziala... Segur aski, kontuan hartuta udal eta foru hauteskundeak direla, kalkulagailu politiko bat baino gehiago erabili beharko dute alderdi batzuek, orain esango genukeen bezala, sarean lan eginda. Horrenbeste gobernu, batzar nagusi eta udalekin, segun emaitzak, potentzia handiko kalkulagailuak beharko dituzte.

Valentzian bezala Nafarroan, lan handia edukiko dute kalkulagailu politikoek; bietan emaitza oso justua izango delako, alderdi giltzarri bat baino gehiago egon litekeelako, eta, zenbait kasutan, gure herritik kanpoko interesei begirako erabakiak hartu ahal izango direlako.

Ikusi, eta zenbatuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.