«Unibertsoa da esfera infinitu
[bat,
zeinaren erdigunea toki guztietan
[baita,
eta zirkunferentzia inon ere ez». (Pascal).
Unibertsoa da «naiz».
Hortxe dakust definizioaren
aplikazio ulergarriena.
Arestik lehoiak nahi zituen.
Gero tximeletak nahi izan dira.
Garaiak aldatu dira, bai.
Lehoiak behar dira berriz.
Oihan zibilizatuak
ez zaizkit interesatzen.
Arteaz ezin zara fidatu,
gauzarik terrorifikoenak
asmatzen baitituzte
ondoen bizi direnek.
Poetak ikusten dituen
sakontasun inefableak,
zer«adieraztezin» horiek,
inork ez ditu ikusi.
Sinesten baduzu baietz
[-zorionak!-,
engainu poetikoa gertatu da.
Poesia da engainu bestial bat,
lehoien loa bezalakoa,
baina izan daiteke gosearena ere,
lehoi bakartia bazara.
Lehoi bakartia naiz, batzuetan lagun gosez. Lehoiak behar ditut. Ez azkura egin edo maita nazaten, baizik neure burutzar ahaztua norengan irudikatu eduki ahal dezadan. Ura edatean dakusdana ez zait gustatzen. Krokodilo isats-moztua dirudi. Moztutako isats mugikariek senetik ateratzen naute. Txikiak aise arbuiatzen ditut, baina kroko horiek! Hor nahi nuke probatu felino txikien inpietatea. Tximeletak? Baita ere, multzoan badira. Bakarrek sumintzen naute, txikiak eta tonta jartzen direnean. Eguna argitu duela jakiteko bakarrik balio dute. Oraintxe, adibidez. Izarrak suizidatu dira. Dagoeneko argienak ere ohartuko zirenez, lehoi bila nator.
PASCALEN ESFERATIK
Lehoi bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu