gorka julio
IRLEN SAREA

Erabaki digitalizatuak

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Inoiz baino erraztasun handiagoak daudenean bozketa sistema digitalak martxan jartzeko, arraroa dirudi zein saio gutxi egiten diren. Parte hartzeko plataformak gehiago dira, baina erabaki edo hautaketa serioenak sistema horietatik kanpo gelditu ohi dira.

Kontsultarako, iritziak jasotzeko, zenbait galdeketa egiteko, hainbat plataforma daude, eta horietan ohikoak dira bai digitalki bai urrunetik egin daitezkeenak. Horrelakoa da, adibidez, Decidim Bartzelona, hiritarren proposamenak jaso, landu, eztabaidatu eta martxan jartzeko aukera ematen duena.

Hauteskundeetan, aldiz, proba pilotu batzuk kenduta, ez da inoiz erabili izan bozketa sistema digitalik; gutxiago urrunekorik. Arazoak asko izan daitezke; emandako botoa egiaztatzeko aukera falta, digitala ez den egiaztatze mekanismoen gabeziak, kontrola galtzearen sentsazioa...

Oso leku gutxitan animatu izan dira bozketa sistema horiek martxan jartzera, eta arazo nabarmenak aurkitu dituzte zenbaitetan. Beti dago erasoa jasotzeko arriskua. Baina, horrez gain, softwarearen eta hardwarearen kontrol eta gardentasun faltak ez du laguntzen. Horri gaineratzen badiogu era horretako soluzio teknologikoak egiten dituzten enpresak oso handiak —beraz, botere metatu handikoak— eta itxiak direla, arazoa okertu besterik ez da egiten. Gertuko kasu bat aipatzearren, gure hauteskundeetako askotan lan egiten duen Indra enpresa.

Algoritmo egokiak eta hardware zein software estrategiak egon badaude, baina martxan jarri behar dituztenek beldurra izaten dute. Alde batetik, konfiantza izugarria izan behar dute aipatutako enpresa gutxi horietan. Bestetik, erasoei nola erantzun pentsatu beharko dute. Egiaztatze sistemak beti izan behar du B plan bat; ahal bada, fisikoa.

Gogoan dut EHUn nintzela errektoretzarako egin genituen boz batzuetan erabili genuen hautetsontzi digitalizatua. Botopaper berezi bat erabili behar genuen; bozkatzean, botoa kutxa garden batera erortzen zen, betiko lez, baina kontabilizatuz.

Arazoek ez ligukete era honetako soluzioak ezartzearen kontra jarri behar, baina bai egon daitezkeen saiakeren aurrean zuhurtziaz jokatzera bultzatu. Hauteskunde digitalizatuetan baino, hobe genuke, halere, erabakiak hartzeko murrizketa eta ukazioetan begia jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.