Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Plazentofagia: onuragarria ala moda?

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Kim Kardashian, Jennifer Lopez, The Big Bang Theory telesail ospetsuko Mayik Bialik aktorea… asko dira erditu ostean beraien plazenta jan dutela aitortu duten famatuak. Eta zergatik ez? Ugaztun plazentadun asko, belarjaleak barne, plazentofagoak dira. Animalien jokaera hori aintzakotzat hartuta, askok uste dute norberak bere plazenta jatea onuragarria izan behar dela. Baina hori horrela dela babesten duen emaitza zientifikorik, oraingoz, ez dago. Aitzitik, lehen ikerketen arabera, plazenta jateak ez du inolako osasun onurarik eragiten.

Eta orduan, zergatik dago plazentofagia hain hedatuta animalien erreinuan? Erditzearen frogak desagerrarazteko modu bat izan liteke, eta horrekin batera, harrapakaririk ez erakartzekoa. Arratoien kasuan, ordea, plazenta jateak kumearen zaintza hastea sustatzen du, eta erditzearekin erlazionatutako mina ere arintzen du; izan ere, likido amniotikoan eta plazentan morfinaren antzeko eragin analgesikoa duen faktore bat dago.

Plazenta haurdunaldiko organorik espezializatuena da, fetuaren hazkuntza eta garapena bermatzen duena. Hori dela eta, oso organo aberatsa da elikagaietan, hormonetan, bitaminetan, mineraletan eta abar. Baina horrek ez du esan nahi plazenta jateagatik onura horiek guztiak eskuratuko ditugunik. Duela gutxi argitaratutako bi ikerkuntza-lanetan plazenta eta plazeboa hartu zuten emakumeak alderatu zituzten. Emaitzen arabera, bi emakume taldeen umorea, energia-maila, hormona-maila eta beraien umearenganako lotura afektiboa oso parekoak ziren. Behatu ziren korrelazio erreal bakarrek ez zeukaten zerikusirik plazentofagiarekin. Izan ere, bi taldeetako partaideengan antzemandako depresioa, antsietatea eta estresa beste faktore batzuekin zegoen erlazionatuta, hala nola nekearekin, lo faltarekin edota familiaren eta lagunen partetik jasotako sostengu eskasarekin.

Arestian aipatutako ikerkuntza-lanek aditzera ematen dute plazentaren inguruan gero eta gehiago hedatzen ari diren ideiak mitoak direla, eta plazenta jate hutsak ez duela eragiten ez onurarik, ez eta kalterik ere. Hortaz, pertsona bakoitzaren esku dago zer egin. Halere, azpimarratzen dute, plazenta jatekotan, betiere segurtasun neurri zorrotzak bermatu behar direla, ondorio toxikorik egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.