Garikoitz Goikoetxea.
Hezkuntza. Lan gatazka itunpeko eskoletan. ANALISIA

Isiltasunak eta ezinegonak

2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Isiltasuna hautsi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: ikastetxe erlijiosoetako lan gatazkako edukiei buruz hitz egiten hasi da jendaurrean. Orain arte, mezu bati eutsi dio Cristina Uriarte sailburuak: lan gatazka dela, eta sindikatuei eta patronalei dagokiela bideratzea. Gobernuari leporatu diote beste aldera begira dagoela, eta horri erantzun dio Uriartek: jakinarazi du 30 bilera baino gehiago egin dituztela aurten bi aldeekin. Eta, areago, azaldu du lan gatazkako puntu nagusi bati dagokion proposamenak egin dituela Jaurlaritzak: langileen egonkortasunarekin lotutakoak. Izan ere, hori da gatazkaren korapilo nagusietako bat gaur egun: eskoletan gelak ixten dituztenean —eta ixten ari dira jaiotza tasaren ondorioz—, zer gertatuko den irakasleekin.

Oso luze doa Kristau Eskolako lan gatazka: hogei egunez baino gehiagoz egin dute greba aurtengo ikasturtean. Azken greba joan den astean egin zuten, baina, aldaketarik ez bada, aurki iritsiko dira gehiago: apirilaren 1etik 4ra, eta maiatzaren 8an eta 9an. Eragin handiko gatazka da: 100.000 ikasle ari dira zentro horietan. Eta greba egunak pilatzen ari diren gisan, tentsioa areagotzen ari da. Joan den astean, adibidez, sindikatuen aurka jo zuten guraso elkarteek —ELAren aurka bereziki, hark baitauka gehiengoa—, eskari «gehiegizkoak» egin dituztelakoan. Patronalari eta Jaurlaritzari ere begiratu diete guraso taldeek. Egoera horretan etorri da Uriarte sailburuaren ezohiko agerraldia.

Negoziazioak blokeatuta daude patronalen eta sindikatuen artean, nahiz eta Jaurlaritzarekin ari diren banakako bilerak egiten. Langileen ordezkariek diote egindako proposamenek ez dietela behar adina erantzuten beren eskariei; ikastetxeen arduradunek, berriz, erantzun dute ezin dituztela proposamen horiek hobetu, ez daukatela bitartekorik. Diruaz mintzo da patronala, baina argigarria da Uriarte sailburuak udazkenean egindako ohartarazpen bat: gatazkaren oinarria ez dela «diru kontua bakarrik».

Datuek argi diote jaiotza tasa eskoletan eragiten ari dela. Haur Hezkuntzan ikusten da argi. Eustat estatistika erakundeak joan den astean eman zituen iazko ikasturteari buruzko zenbakiak: 2012an baino 7.700 ikasle gutxiago Haur Hezkuntzan. %8ko galera bost urtean. Eta jaitsiera areagotu egingo da datozen urteetan, jaiotzetan aldaketarik ez badago.

Ikastetxe sare guztiei eragingo die jaitsiera horrek, baina Elizatik gero eta aldenduago dagoen gizarte honetan, nabarmena da eskola kristauek arazoak eduki ditzaketela etorkizunari begira. Eskola batzuk kolokan daude jada. Alde horretatik, ulertzekoa da langileen ezinegona, eta gelak ixten direnean langileak birkokatzeko mekanismoak eskatzea —beste sare batzuetan badaude—.

Ildo horretako proposamen bat egin duela jakinarazi du Jaurlaritzak, baina xehetasun handirik eman gabe, «diskrezioz» jokatu behar dela argudiatuta. Argipen bat, bai, egin du: birkokatzeak sare barruan egingo liratekeela, ez sare batetik bestera —alegia, ez dutela planteatu itunpeko eskoletan posturik gabe geratutako irakasleei publikoan toki egitea—.

Gai delikatua baita hori. Datozen urteetan aldaketa handiak izango dira hezkuntzan: ikasle gutxiago, eta irakasleen erretiro asko. Indartzera edo ahultzera jo dezakete sare batzuek eta besteek. Eta hori dena hezkuntza legea eztabaidagai dagoen garaian.

Uriarteren proposamenari «berme falta» ikusi diote itunpekoetako sindikatuek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.