Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Adin guztiak, batera

2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Atzo goizean ez nintzen esnatu Eskozian. Asteazkenean, Loreak (2014) filmaren emanaldira gonbidatu ninduten Leeds Cineforumeko lagunek (Leeds, Erresuma Batua); Jon Garañok eta Joxe Mari Goenagak zuzendutako lana aurkezteko eta euskal zinemaz hitz egiteko. Hogeita bost lagun inguru bildu ginen The Brunswick taberna «independenteko» hirugarren solairuan. Espero baino interes handiagoa piztu zuen euskarazko pelikulak. Ez dut nik esaten, Rachel Johnson eta Maddalena Moretti zineforumeko antolatzaileek baizik. Haien esanetan, ohi baino jende gehiago geratu zen amaierako solasaldian ere.

Gustura hartu nuen harrera ona. Kontuan hartuta neguko astegun batean eta arratsaldeko zazpietan zela saioa, bereziki estimatu nuen modu independentean antolatutako kultura ekitaldi batek hainbat adin tarteko jendea elkartzeko gaitasuna. Filmaren osteko eztabaidan, gutxienez, lau lagun baziren 45 urtetik gorakoak. Entzun, ikusi eta eztabaidatu da Leedseko zineforumaren leloa. Hein handi batean, areto komertzialetan jartzen ez dituzten filmak erakusten dituzte.

Hurrengo goizean, hotelean gosaltzen ari nintzela, mututurik baina piztua zegoen telebistako irudiek hartu zuten nire arreta. BBC One kateak, hain zuzen ere. Emisioan Rip Off Britain saioa zegoen: iruzurrak erakustea eta bezeroak laguntzea xede duen telebista programa. 2009tik ari dira ematen, eta adin nagusiko hiru emakumezko zein kazetari ohiek aurkezten dute. Berrogeita bost minutu irauten du saio bakoitzak, eta hainbat gaiei heltzen diete; elikadura eta bidaia kontuak, tartean.

Ikusleen benetako gertakizunetan oinarritzen dituzte gidoiak. Protagonistak BBCko lantaldearekin harremanetan jartzen dira lehendabizi, izandako arazoa azaldu, eta telebista publikoak haiei egindako elkarrizketekin eta adituen aholkuekin bideo laburrak osatzen dituzte. Herenegun goizean, hegazkinez bidaiatzean sor daitezkeen arazoen gainean hitz egiten ari ziren. Atzerapenak, bertan behera utzitako hegaldiak, ekipaje murrizketak... Nork ez du inoiz halakorik bizi izan? Eta zeintzuk dira bezeroon eskubideak?

Pena da mututua zutela telebista; bestela, gosaltzen ari ginen adin guztietako lagunak pantailari begira harrapatuko gintuzten, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.