Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Autentikotasuna

2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Ekoiztetxeetan lagunen bat duenak badaki: zaila eta luzea da telebista saio batek ideia fasetik ETBren parrilaraino egiten duen bidea. Proposamen gehientsuenak bidean gelditzen dira, paperean, baztertutako ideien kutxan, izan zitekeenaz lagunartean aritzeko lehengai: «Sekulako ideia genuen; arrakasta izango zuen, ziur. Baina berritzaileegia zen; ez ziren ausartu». Horregatik da xanpainaz ospatzekoa formatu desberdin —ez duena herriz herri istorio bila ari den aurpegi ezagun bat oinarri— eta arriskatu batek prime time-an bere tokia egin izana. Han eta hemen arrakastatsua den late-show formatua badago, azkenean, ETB1en: Autentikoak. Astean behin bada ere.

Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoien aurkezle bikoteak gidatuko du saioa, Edurne Azkarate, Ane Lindane eta Iñigo Otaegi kolaboratzaileak dituztela lagun; aldiro bizpahiru gonbidaturekin. Lehen atala bakarrik ikusita, goizegi da epai borobiletan hasteko, baina antzeman diot interesgarria izan daitekeen joera bat: zuzentasun politikoari izkin egiten diote bi aurkezle «zakil-zaharrek» —besteak beste, Espainiako umorista modakoenen gisara, porno mainstreamaren lengoaia erabiliz—. Baina joera labainkorra eta neketsua den hori orekatzeko formula ere asmatu dute: haiek ordezkatzen dutenarekin kontrajartzen diren kolaboratzaileak (Edurne Azkarate) eta gonbidatuak (Josebe Iturrioz) ekartzea, eta garrantzitsuagoa dena, nahikoa espazio ematea haien diskurtsoa garatzeko. Oreka horri eustea izango da, itxura batean, saioaren erronka zail eta erabakigarriena. Arrisku asko ditu, bai, baina Broncano, Berto, Ignatius eta abarren umoreak konkistatutako terrenoa lehiatu nahi bada, ez dago arriskatu besterik. Platoko elementuetatik bertatik hasita La Resistencia gogorarazten duen formatua ez da berriegia. Baina aitor dezagun: originaltasuna gainbaloratua dago. Ondo kopiatzearen arteak ere merezi du txaloa. Autentikotasuna ez du formatuak ematen, aurkezle, gonbidatu eta kolaboratzaileen naturaltasunak baizik. Josebe Iturriozek saioan bertan esan bezala, denok ari gara trantsizioan, gure identitatearen bila; eta paperetik pantailara iritsi den saio honen bilaketa hasi besterik ez da egin. Autentikoa izateko osagaiak baditu. Ea, bai ikusleok, bai ETBk, horiek fintzeko adina denbora ematen diogun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.