Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Distopiak zertarako

2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bi pauso aurrerantz eman, eta bi pauso urruntzen da utopia. Zertarako balio du orduan? Pausoak emateko». Halako zerbait —gaztelaniaz eta modu puskaz eleganteagoan— idatzi zuen Eduardo Galeanok, eta ondare publikoa da geroztik. Nahi adina erabili da —telebista tertulietan, TED hitzaldietan, Twiterreko aurkezpen testuetan...— kriterioarekin edo gabe. Utopiarantz pausoka ari denaren zapatak beste ajatzeraino.

Fikziorako bada, puskaz interesgarriagoa da bere antonimoa: distopia. Pentsa, Utopia izeneko telesaila bera ere —thriller guztiz gomendagarria— distopikoa da erabat. Etorkizun ilun bezain liluragarriak erakusten dizkiguten telesailak boladan daude. Atzo bertan —elkarri konpetentzia egin nahian— horren adibide finenak diren biek denboraldi berria estreinatu zuten: Black Mirror-ek eta The Handmaid's Tale-k.

Gutxi izango dira honezkero Black Mirror ezagutzen ez dutenak. Ordubete inguruko atal independienteez osatutako istorioen multzoa da. Charlie Brookerrek Channel 4 katerako sortu bazuen ere, Netflixek erosi zuen orain bi urte. Bosgarrena da estreinatu berri duten denboraldia, eta hiru atal ditu. The Handmaid's Tale-k ere loreak eta sariak pilatu ditu lehenengo bi denboraldiekin. Margaret Atwooden eleberrian oinarritutako telesailak emakumeen esklabutzan oinarritutako gizarte ez oso urruneko bat erakusten digu; eta horren aurrean, emakume adoretsu bat, ez dagoena ezer egin gabe geratzeko prest. Hirugarren denboraldia den honetan, iraultza artikulatu nahian ikusiko dugu.

Galeanoren hitzei tiraka, erraza da esaldiari buelta ematea: «Zertarako balio du orduan distopiak? Pauso okerrez ohartarazteko». Baina errazkeria litzateke. Fikzioan, behinzat, bada hori baino gehiago. Zeharkako zentsuraren garaiotan, gaurko errealitatearen kontu itsusiei inork heldu nahi ez dienean, moraleja usainduz gero tuntuntzat hartua sentitzen den ikuslearen aurrean, ez da distopiak baino Troyako zaldi eraginkorragorik kritika soziala egiteko. Hori da Black Mirror eta The Handmaid's Tale telesailen dohain txalogarriena: gu eta gure gizartea ikusten ditugula islatuta deserosoak zaizkigun etorkizun hipotetiko horietan. Istorio guztiak blaituta daudela gaurko konfliktoez. Gehiago esaten digutela orainaz, etorkizunaz baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.