Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Ahotsen hizkuntza

2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ahotsak saioaren estreinaldiaz aritu nintzen duela astebete, eta, zutabe amaieran aipatu nizuen bezala, belarria jo zidan hizkuntza ereduaz arituko naiz gaur. Kezka sortu zidan, baina bigarren atalean zer gertatzen zen jakin nahi nuen gaian sartu aurretik. Kantaldi bakoitzaren ondoren, abesbatzetako kideek taldearen saioa eta epailearen hitzak baloratzen dituzte. Horien artean, atentzioa eman zidan hainbat gaztelaniaz aritu izanak. Kasuren batean, baita «platoko» zatietan ere. Bigarren saioan, txikiagoa izan da gaztelaniaren presentzia, baina zantzua dut abesbatzen hizkuntza errealitatea izan dela aldaketa hori eragin duena, eta ez saioko zuzendaritza edo ETBren erabaki bat. Estreinaldiko atalaren ondotik, Julian Iantzik Ahotsak ikustera animatu nahi izan zituen ikusleak Twitterren. Txio hartan, amu moduan bota zuen euskalduna izan gabe ere gaztelaniaz erraz ikusteko moduko saioa zela. Uste dut saioan hainbat parte hartzailek gaztelaniaz egitea nahita hartutako erabakia dela. Eztabaidagarria izan daiteke ahots gutxi batzuk gaztelaniaz aritzeak euskaldun ez direnak gure hizkuntzara erakartzeko balio dezakeen, baina hori hala balitz, eta estrategia pentsatu baten parte, ETB2n gauza berbera gertatu beharko litzateke. Sekula entzun ahal duzue El Conquis-en inor kamerari euskaraz hitz egiten? Eta, helburua hori bada, zergatik hitz egin zuen Getariako taldeko zuzendariak gaztelaniaz, eta ez frantsesez? Logika horri jarraituz, Iparraldeko frantses hiztunak erakartzeko ere balio beharko luke, ezta?

Eztabaidagarria izan daiteke bai, baina gaur egun euskarak eta gaztelaniak, eta ETB1 eta ETB2k, bizi duten desoreka ezagututa, inor erakartzeko baino gehiago, euskarari eta ETB1 kateari azken kolpea ematen lagundu diezaioke erabakiak.

Zutabea amaitu aurretik, aurreko astean aipatu nizuen saioaren tonuaz ere esan nahiko nuke zerbait. Ibai Etxebarriaren tonua askoz goxoago eta eraikitzaileago egin zitzaidan oraingo honetan, eta uste dut horrek saioari on asko egin ziola. Horrez gain, bi aurkezleak solteago sumatu nituen, eta bien arteko harremana askoz naturalagoa izan zen. Poztu ninduen beste zerbait abesbatza nafar bat eta abesbatza lapurtar bat lehiaketan ikustea izan zen. Hiru herrialde besterik ez zaizkigu falta dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.