Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'The politician'

2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hona hemen asteburuan ikusteko telebista saio batzuk, euskaraz. Arte[faktua] literatura saioaren denboraldi berria itzuli da ETB1era. Joan den larunbatean eman zuten lehen atala; bihar, 15:00etan, bigarrena ikusgai izango da kate berean. Beste aukera bat da Onintza Enbeitaren 48 ordu izeneko saio berria. «Euskal Herrian pil-pilean dauden gaiak ikuspegi original, irudimentsu eta entretenigarri batetik» lantzen dituena. Atzo eman zuten bigarren saioa, ETB1en, 22:15ean. Halere, dagoeneko Nahieran-en duzue ikusgai aurreko atala. Nahiago baduzue literatura eta Arte[faktua] tartearekin nahikoa ez baduzue, Booktegi.eus atari digitaleko Elkarrizkatea saioa ikustea gomendatzen dizuet. Bigarren urtez, euskal idazleen arteko elkarrizketa saio berritzailea da. Noiznahi eta nonahi ikusteko aukeraz. Alabaina, nire aholku partikularra da Zurriolako butaka-ren playlist-ari begiratu bat ematea; izan ere, astebururako plan hoberik ez baduzue, telesail bat balitz bezala kontsumi daiteke arratsalde batean.

Euskarazko eskaintzak albo batera utzita, aitortu behar dizuet Netflixeko Mindhunter (2017) telesaila ikusteari utzi diodala. Halaxe da. Aspertu egin nau. Arrazoi nagusia: ezin izan dut pertsonaiekin konektatu. Aldiz, Top boy (2019) Londresko droga trafikatzaile talde baten gaineko telesaila ikusten hasi naiz, plataforma berean. Bikaina da, baina hori beste zutabe baterako utziko dut. Gaurkoan, mundu guztia hitz egiten ari den —sare sozialetan, gutxienez— The politician (2019) telesailaz hitz egin nahi dizuet.

Irailaren 27an estreinatu zuen Netflixek. Benjamin Schiff Platt aktorea da protagonista nagusia, eta, tartean, Gwyneth Paltrow eta Jessica Lange aktore ospetsuak daude. Telesaila Ryan Murphy zinemagileak sortu du (Nip/Tuck, American Horror Story), Brad Falchuk eta Ian Brennan gidoigileen laguntzaz. Lehen atala besterik ez dut ikusi, eta honela dio hasierako testuak: «The politician komedia bat da. Ausardiari, handinahiari eta helburuak kostarik kosta lortzeari buruzkoa. Buruko gaitzak dituztenentzat, hainbat elementu asaldagarriak izan litezke». Payton Hobart (Schiff Platt) institutuko ikaslearen asmo politikoa da premisa: AEBetako presidente izan nahi du. Eta lehia horretan dena da faltsua. Kasik, bizitza bera bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.