Miren Manias.
EKOGRAFIAK

BritBox

2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
BBCk eta ITVk indarrak batu dituzte Netflixi aurre egiteko. Oraindik goiz da esateko haien egitasmoak arrakasta izango duen ala ez, baina pausoa ausarta da, behintzat. BBC Erresuma Batuko komunikazio erakunde publikoa da, 1927an sortua. ITV, berriz, telebista edukien banatzaile independentea (baina komertziala) da; BBCri konpetentzia egiteko sortu zen, 1932an. Biek dituzte beren kate propioak —bat baino gehiago—; nagusiak dira BBC One eta ITV—azken horrek, 2001etik 2013ra, ITV1 izena zuen—.

Erresuma Batuko telebista komertzial handiena eta arrakastatsuena da ITV. 1950eko hamarkadatik, BBC One katearekin lehiatu da herrialdeko katerik ikusiena izateko. Halere, beste kate batzuekin alderatuta, ITVren ikusle kopurua murriztu egin da. Netflixen aurrean merkatua galtzen ari direla ohartuta, beren arteko gerra leundu nahi dute proiektu komuna abiaraziz:BritBox.

Lanean hasita daude. Tony Hall BBCko zuzendariak esan du «akordioaren azken fasean» daudela, eta 2019ko bigarren seihilekoan aurkeztuko dutela egitasmo berria. Ez dute aurrekonturik zehaztu, baina «lehiakorra» izango da, Hallen aburuz. Dame Carolyn McCall ITVko zuzendari exekutiboaren arabera, BritBox izango da Erresuma Batuko «sorkuntza onenaren etxea». Informazio iturri batzuek diotenez, sei euro inguruko prezioa izango du harpidetzak. Plataformaren arrakasta, ordea, ez dago ziurtatuta.

Bi arrazoi daude ITVren etaBBCren arteko elkarlanaren atzean: audientziaren kontsumo ohituretara egokitzeko nahia, negozio estrategian asmatzeko. Baina ikusleek nahi al dute BritBox? Bi erakundeek streaming zerbitzu bera martxan dute AEBetan, 500.000 harpidedunekin. ITVko zuzendari exekutiboak BBC Radio 4n esan du Internet erabiltzen duten etxebizitzen %43k harpidetza egiteko «interesa» agertu dutela. Dena den, oraindik ez dute zehaztu zein eduki mota eskainiko duten Erresuma Batuan. Berriak ala errepikapenak?

BritBox aukera ona izan liteke BBCrentzat, telebistaren lizentzia ordaintzeari utzi diotenen diru iturria berreskuratzeko. Eztabaida, ordea, bi kateen izaera bateratzen duen teknologia bilatzean datza. Azaldu dute lizentziaren dirua ez dutela erabiliko zerbitzu berria finantzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.