Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zergatik ikusten dut?

2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Netflixen estrategia komertzialean erori berri naiz. Hala da, lagunok. AEBetako streaming plataformak hilabetez haren edukiak doan ikusteko aukera eskaintzen du. Behar den bakarra da bankuko kontu korronte bat —probaldiaren ondotik bazkide kuota ordainduko duzula ziurtatzeko—. Horrekin batera, datu pertsonalak sartu behar dira webgunean. Kito! Hor duzue kontu pertsonalizatua. Dokumentalak, genero askotariko filmak, puntako telesailak... baita «Miren Maniasi» ikustea gustatuko litzaiokeen edukien zerrenda bat ere. Bada, asteburuan probaldia amaitu zait, eta hileko kuota ordaintzea erabaki dut.

Hasieran, fikziozko filmak begiratzen nituen, batik bat. Estreinaldiak zein klasikoak —azken horien zerrenda nahiko interesgarria da Erresuma Batuko katalogoan, bederen—. Geroago, dokumentalek hartu zuten nire arreta. Baina, azkenik, telesailak gailendu dira nire aukeren artean. Esango nuke horregatik erabaki dudala Netflixen harpidetza egitea. Une honetan, hiru telesail tartekatzen ari naiz aldi berean. Munduko sukaldaritzaz, Mexikoko droga trafikoaz eta 1920ko hamarkadan kokatutako Espainiako historiaz, hain zuzen ere. Guztiak ere AEBetako streaming plataformak ekoitzitakoak dira: Chef's Table, Narcos: Mexico eta Las chicas de cable. Gustura ikusten ari naiz lehenengo biak; azkena, ordea, ez dakit zergatik ikusten dudan.

Internet Movie Database webgunearen arabera, Las chicas del cable-k 10etik 7,8ko puntuazioa dauka. Normalean datu base hori erabiltzeko ohitura daukat erreferentzia gisa; filmen kalifikazioa subjektiboa bada ere, nire gustuekin bat dator kasu gehienetan. Harrigarria bada ere, telesail honi nekez emango nizkioke bost puntu baino gehiago. Netflixek ekoitzitako lehen telesail espainiarra da. Madrilen dago girotua, eta telefono konpainia batean lanean ari diren lau emakumeren bizitzak kontatzen ditu. Gidoia nahiko txarra da, baina dramaz beterik dago; ikusleak apenas daukan arnasa hartzeko tarterik. Aktoreen lana, oro har, ona da. Akaso, elkarrizketa gehiegi dago. Soinu bandak, bestalde, ez dauka loturarik istorioaren garaiarekin; egungo pop musika entzun daiteke nonahi. Telesailaren argazki kalitatea, berriz, zinemaren mailakoa da. Hiru denboraldiak irentsi ditut jada. Zergatik ikusten dudan? Tira, entretenimendua hori ere badelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.