Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Batak kentzen du bestea

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
ETBk Ez da giro! saioarekin egin duen ahalegina txalotzeko zutabea izan behar zen hau. Aspaldi da ETB1 erreferentea dela gizonezko —spoiler— txirrindularitza lasterketen jarraipenean. Urtez urteko lanarekin, Xabier Usabiaga, Fermin Aramendi eta konpainiak bizikletaren munduaz aritzeko hiztegi oso bat oparitu digu; txirrindularitza ulertzeko modu partikular bezain pasiozko bat. Aurten, gainera, ETB da, Hego Euskal Herrian ikus daitezkeenen artean behintzat, Italiako Giroa irekian ematen duen kate bakarra. Aukera baliatuz, etaparen jarraipen hutsetik haragoko saioa prestatu dute. Plato eta guzti. Giroa lehiatzen ari den Markel Irizarren eguneroko balorazioa ari dira jasotzen, irudi gehiago erabiltzen, eta aurreko etaparen zein sailkapen orokorraren errepaso xehea egiten dute. Aurkezleen artean kide exotikoa ere badute aurten: Otxandion (Bizkaia) bizi den Alessandro Ruta kazetari italiarra. Bere jatorrizko herrialdean lasterketa izaten ari den eraginaren berri ari da ematen. Euskaraz.

Saio berria txalotzeko zutabea izan behar zen hau. Eta hala zatekeen, nik baino begirada zorrotzagoa —hitzaren zentzu onenean— duten lagunak ez banitu. Ez balidate toke bat emango fokoa behar baino desbideratuagoa darabildanean. Ez da giro!-z gain, ETBk beste hainbat saio estreinatu ditu azken urtean. Lerrootan aipatu —goraipatu ere bai, tarteka— ditugu asko. Baina gauza bat behintzat geratu da esan gabe: gehien-gehienak aurrez ere protagonismoa eta ibilbide luzea duten gizonek aurkezten dituzte. Telebistan ikusten ditugun emakumeei ez bezala, zaharxeak eta ez bereziki ederrak (ez edertuak) izatea baimentzen zaie. Kau Kori Kuraren abesti antologikoak—haietako batek— laburtzen du ondoen: Barbie ETBn (eta non dago Ken?).

«Gauza batek ez du bestea kentzen», esango du baten batek. «Saioa fina bada, aurkezleak txukunak badira; txukunak dira, eta kitto. Baita denak gizonak badira ere». Baina afirmazio tranpati hori besarkatzetik libratu naute lagunek: beste batzuei—klase guztietako emakumeei, aurrez aurpegi ezagunak ez direnei— gizon kontsakratuek egin duten bide hori hasteko aukera eman ezean, ez da joera aldatuko. Hori da ausardiaz eta arduraz jokatzea. Baliabideak eta saioak mugatuak diren artean behintzat, batak bestea kentzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.