Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Gobernua ala BBC?

2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Erresuma Batuko BBC telebista katea ikusteko ordaindu egin behar da; alegia, etxe bakoitzak telebista lizentzia bat eduki behar du. Hori da herrialdeko irrati, telebista eta Interneteko zerbitzu publikoak finantzatzeko eredua: BBCko ikus-entzunezko eduki guztiak finantzatzeko erabiltzen da lizentziatik jasotakoa. Urtean 173 euroko kostua du, telebista koloretan ikusi nahi bada —zuri-beltzean, aldiz, 58 euro—. Badaude tarifa txikiagoak ere zaintza egoitzentzat, itsuentzat eta 74 urtetik gorakoentzat. Azken horiek, hain zuzen ere, doan kontsumi dezakete BBC. Baina erakunde publikoak murrizketak izan ditu azken urteetan, eta 2020ko uztailetik aurrera horiei ere lizentzia ordaintzea eskatuko zaie. Herenegun izan nuen horren berri, BBC Two-ko Newsnight saioari esker.

Emily Maitlis kazetariak gidatzen du Newsnight, eta 45 minutuko iraupena dauka. Astegun gauetan (22:30) ematen dute, eta gaurkotasuneko gaiak lantzen dituzte, elkarrizketa edota analisi sakoneko erreportajeak eskainiz. Programaren helburua da titularren atzean dauden istorioak aztertzea. Herenegun, justuki, David Clementi BBCko presidentea elkarrizketatu zuten lizentziaren auziaz; 74 urte gorakoei doako lizentzia kentzea «erabaki zaila» izan dela esan zuen Clementik. «Albiste txarra» izango da adineko pertsona «batzuentzat»; izan ere, pentsio diru laguntza jasotzen dutenei ez zaie kobratuko kate publikoa ikusteagatik.

Lizentzia kuotari esker BBCk jasotako diru sarrerak 4.300 milioi eurokoak izan ziren 2018an, eta kopuru horren %17 Erresuma Batuko gobernuaren ekarpena izan zen —74 urte gorakoen doako lizentzia estaltzeko—. 2020ko uztailetik aurrera, ordea, kostu hori bere gain gehiago ez hartzeko erabakia hartu du Londresek. Zenbateko hori 836 milioikoa izan liteke 2022an, mila milioi eurokoa 2030ean; bestela esanda, BBC Two, BBC Three, BBC Four, BBC News, CBBC eta CBeebies kateen aurrekontuen batura. Clementiren arabera, oraingo kalitate mailari eutsi eta adin tarte guztietako ikusleak zerbitzatu nahi badira, beharrezkoa da erabaki hori hartzea.

BBCren neurri berriak herritarren ongizate mailan oinarritutako politika suposatzen du; ondorioz, zerbitzu publikoaren unibertsaltasun printzipioa galduko da. Baina nori bota behar zaio errua, gobernuari ala BBCri?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.