gorka julio
IRLEN SAREA

'Calm'

2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Opiazeo epidemiaAEBetan eta antsiolitikoena Europan. Industria farmazeutikoak garai berriei erantzuten die, sortutako edo hedatutako arazo masibo bati. Teknologiarekin ere antzeko ari gara, teknologiarekin erantzun nahian zenbait gehiegizko erabilerari. Horien artean app interesgarri bat Calm da.

Calm aplikazioak hainbat sari jaso ditu, eta behar erreal bati erantzuten diola dirudi. Antsietate, estres eta kontzentratzeko arazoei erantzuteko laguntza eman nahi duen aplikazioa da. Instalatu eta hor izango duzu zure laguntzaile pertsonala.

Alde batetik, irudi politak eskaintzen ditu, paraje izugarriak. Bestetik, leku eder horietara eramaten zaituzten audioak ere baditu. Lo egiteko edo erlaxatzeko baliagarriak izan daitezkeen entzungarriak. Gehienak naturan aurki daitezkeen lekuak eta soinuak dira, baina aplikazioan enkapsulatuta, nonahi eta noiznahi erabiltzeko.

Programak ere baditu. Zure arazoari erantzuteko hainbat egunetako plan bat. Lo egiteko arazoak dituzula, jarrai ezazu gure 21 eguneko programa hau eta lagunduko zaitugu zure arazoarekin. Antsietateak jota zaudela, berdin, badugu zuretzako soluzioa. Hainbeste hedatu diren coach eta praktika batzuen tankerako proposamenak egiten ditu aplikazioak, baina, behintzat, norberak egiteko moduan eskaintzen ditu.

Berez, aplikazioak eskaintzen duena ez da beste munduko ezer. Denbora bat hartu, lasaitu eta zure burua zaintzeko proposamenak dira gehienak. Hori bera aplikaziorik erabili gabe egin daiteke, noski, baina baliagarria dirudi aplikazio batek esatea egin behar duguna.

Hala ere, aplikazioaren aukera sinpleena, pronostiko guztien kontra, izan da gehien interesatu zaidanetako bat: arnastera laguntzen dizun borobil bat. Noiz arnas egin behar duzun, arnasa mantendu eta askatzeko erritmoa markatzen dizu animazio baten bidez. Sekulako tontakeria dirudiena, probatzea erabaki eta harritu egin naiz. Tontakeria zirudiena bat-batean interesgarria dirudi. Neure burua aplikazioak markatutako erritmoan arnastera eraman nau, eta lasaitu egin naiz. Beldurra ematen dit, ditugun arazoei edo berez egin behar genituzkeen jarrerak izateko norbaitek esan edo agindu behar izate horrek; aplikazio bat izan edo ez, gehiegizko sumisio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.