Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ispilu edo ez

2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Klasekideei askorik gustatu ez zaiela dakidala hasi naiz Black Mirror-en denboraldi berria ikusten: esperantza handirik gabe, baina, ordubetean hasi eta amaitzen diren istorioak direnez, ez daukadan denbora horretatik gehiegi kenduko ez didala jakiteak lasaituta. Netflixek erosi zuen telesaila orain bi urte, eta geroztik denboraldi berriak eurek ekoitzi dituzte. Hiru atalekoa da bosgarrena, eta bat bera ere ez da interaktiboa. Ez diote, horrenbestez, Bandersnatch-ekin zabaldutako bideari jarraitu. Lehena ikusi dut: Striking Vipers.

Klasekideek iragarritakoaren kontrara, harrapatu nau. Ez hainbeste istorioaren erritmoagatik eta garapenagatik, ezpada azkenaldian gure lagunartean frustrazio politikoak bezain boladan dauden bi gai ukitzen dituelako: errealitate birtuala zibersexurako eremu gisa, batetik; bestetik, beste gizon batzuk desiratzen dituztela onartzeak euren identitatea kolokan jartzen duelakoan praktika homosexualak kamuflatzeko modua bilatzen duten gizonena. Ohi bezala, etorkizunaz ari delakoan, orainaz ari zaigu Black Mirror.

Baina beste kontu bat izan da atentzioa eman didana: protagonista guztiak afro-amerikarrak dira, beltzak. Eta hala ere, ez da, euren ezaugarri pisuzkoa: beltzak dira, ilegorriak, erremerreak edo burusoilak izan zitezkeen modu berean. Nork bere ezaugarri askotarikoak ditu, bere gatazkak eta garapena, azalaren kolorea pertsonaiari izaera ematen dion elementu garrantzizkoa izan gabe. Saiatuta ere, kosta zait hori horren nabarmena den fikziozko beste lan bat gogoratzea.

Bistan da: errazagoa da hori egitea etorkizunean kokatutako istorioak eraikitzean. Orainaz ari garenean, aldiz, gizartearen ispilu izan nahi luketen istorioak kontatzen, hipokrita ere izan daiteke egunero zapalkuntzak jasaten dituzten identitateak neutraltzat jotzea. Baina —diot nik— zapalduak eta baztertuak diren identitateek ere merezi dute euren buruak islatuta ikustea fikzioan, euren gorputza, sexualitatea edo dena delakoa etengabeko gatazka iturri dela sentitu gabe. Kapitulua amaitu dut, jaiki eta txalotzeko gogorik gabe baina aseta, plazerez. Twitterren hala irakurri dut gero: «Islamiar bat eta transexual bat» agertuko dira Go!azen-en denboraldi berrian. Laster jakingo dugu hori bakarrik edo hori baino askoz gehiago diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.