Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nahia

2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Udako apustu fresko gisara, asteartean itzuli zen Euskalonski ETB1era. Pello Reparaz musikariak (Zetak) aurkezten duen telebista programa da. Euskara hitz egiten duten lagunak elkarrizketatzen dituzte munduko hainbat herrialdetan. Bigarren denboraldi honetan, besteak beste, Sydney (Australia), Santiago (Txile), Mexiko Hiria, Bartzelona, Dublin (Irlanda), Praga (Txekiar Errepublika), Erroma (Italia) eta Helsinki (Finlandia) bisitatuko dituzte. Astearteko atalean (22:20an), Sydneyko euskaradunak ezagutu genituen.

Reparazek, baita berarekin doan lan talde osoak ere, telebistako ogibiderik onena dute. Nork ez du inoiz amestu bidaiatzeko, jaki ezberdinak dastatzeko, kultura anitz ezagutzeko eta hizkuntzak ikasteko lan batekin? Berdin dio zenbat ordaintzen dizuten hori egiteagatik; izan ere, diruak nekez erosiko luke esperientzia bikain hori. Bereziki Reparazen gaztetasuna izanik. Euskalonski, bestalde, nabarmen hobetu da lehen denboraldiarekin alderatuta. Errealizazio landuagoa dauka,; irudi eta erritmo aldetik, batez ere. Aurkezleak ere dezente hobetu du kamera aurreko lana. Bigarren denboraldi honetan askoz ere erlaxatuago azaltzen da, eta horrek naturalago egiten du emaitza. Munduko hirietan bizi diren euskaldunak zein euskaldundu direnak pausatuago elkarrizketatzen dituela esango nuke. Orain, aurkezle batek baino, taldeak (kamerariak, produkzio laguntzaileak, gonbidatuak, etab.) egindako telebista programa dela islatzen da gehiago. Esaterako, lehenengo denboraldian bezala, Reparazek bere gitarra eta beste tramankuluak daramatzala ikusten da; baina bigarren plano batean geratzen dira, emaitzaren onerako. Off-eko ahotsean entzuten den testua, bestalde, askoz mamitsuagoa da. Erritmo egokiagoa dauka, eta irudiak gehiago janzten ditu.

Eta zeintzuk dira atzerritarren motiboak euskara ikasteko? Batzuen kasuan, maitasuna dago. Bikotea euskalduna edukita, euskara ikasi nahi izan dute. Beste batzuen kasuan, aldiz, lan arrazoiak daude. Hizkuntzekin lotutako ofizioa izanda, euskararekin topo egin eta ikasi nahi izan dute. Maila ezberdinak ikus-entzun daitezke saioan, eta, Lander Garro Euskalonski saioko gidoilariaren eta zuzendariaren adierazpenei jarraikiz, «bultzada ederra da euskaldunon autoestimuarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.