gorka julio
IRLEN SAREA

Carpe diem!

2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Iñigo Muguruzaren heriotzak espero ez nuen bezala kolpatu nau, eta hemen nago bere musika etengabe entzuten pantaila lanbrotu baten aurrean. Ez nuen inoiz ezagutu, eta gertu sentitzen nuen. Bizitzarekiko zuen begirada maite nuen, jendartearen aldaketei ahotsa eta musika jartzeko gaitasuna handia zuen.

«Video game kultura honetan ortopedia nagusitu da. Sentimendu protesikoak mundu autista honetan. Tabernak hutsik, kaleak hutsik. Jendeak ez du irteteko beharrik, sarean daude konektaturik Interneten bidez psikiatra bisitatzen».

2000. urtea zen orduan eta bere garaian abestiak zuen indarra bikoiztu edo hirukoiztu egin da orain. Bideo jokoak baino gehiago, akaso sakelakoaren erabilera obsesibo eta konpultsiboak sortu duen jendartea ondotxo irudikatu zuen abestiak.

Internet bidez ez dakit, baina psikiatra bisitatzearena bistan da arazo baten aurrean egin beharreko zerbait da. Jendarte bezala haien beharraren hazkundeak patologia orokor batean bizi garela erakusten du. Europan antidepresiboak eta AEBetan opiazeoak aspirinak balira hartzen dira. Estresa gaitz orokortua bada, antsietateak ere dena inguratzen du. Bakoitzak, bere barne gudari bakarturik, autolaguntza liburuez armaturik ekiten dio orain. Zorionez, tabernak eta kaleak ez dira guztiz hustu oraindik. Zortez, sozializatzeko espazio horiek gelditzen dira, beste droga batzuk tarteko, dantzatzea, kantatzea, maitatzea, beti gustatu zaigulako... Ausardia baino gehiago, harremanei ekiteko kultura galtzen ari ote gara? Guztiak behar du ona izan. Baina harreman bati zuzenean, gertukoan, ahoz-aho, aurpegiz-aurpegi, gorputzetik gorputzera ekiteak sufrimendua ekar dezake, eta horretarako ere ez gaude prest. Sentimendu protesikoak ezinbestekoak dira horretarako. Etorri diren bezala gainetik kendu eta beste batzuengatik ordezka ditzakegunak; baina hori ez da bizitza. Bizitza etengabeko ordago txikiak dira, galdu edo irabazi daitezkeenak.

Iñigo, bizikide batek, «carpe diem» sotil batekin erantzun dit zure heriotzaren berri eman diodanean. Arrazoi du. Kobertura gabe gelditzen garenerako, bizitza tristeari «Viva la vida» esateko gai izan ginela gogoratzeko balio dezala zure heriotzak. Paradisu zineman ikusiko gara, krispetak nire kontu, bitartean izan gaitezen positibo eta carpe diem!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.