Miren Manias.
EKOGRAFIAK

10.052 euro, batez beste

2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hori da hilean BBCk jasaten duen galera ekonomikoa ordenagailu eta sakelako galduengatik. Azkeneko bost urteetan, zehazki, 291 telefono (92.700 euro) eta 298 ordenagailu eramangarri (520.395 euro) «desagertu edo lapurtu» dira Erresuma Batuko komunikazio publikoaren erakundetik. The Times egunkariak zekarren albistea herenegun, baina informazioa BBCk zabaldu du aurretik, ondasun galduen eta lapurtuen gaineko herritarren informazio eskaerak tarteko. Eskaera publikoei esker jakin dugu, halaber, azkeneko bost urteetako galera ekonomikoa 3.500 telebista lizentziaren parekoa dela —britainiarrek telebista publikoa ikusi ahal izateko ordaindu behar duten tasa, hain zuzen ere—. Orain arte, BBCk ez zuen datu hori argitaratzen.

Ordenagailu eramangarriek eta sakelakoek osatzen dute ekipamendu galduaren zatirik handiena, baina telebista saioetako zein albisteetako langileen eskuetatik desagertutako materialaren artean, ibilgailuak, kamera ekipamenduak eta proiektoreak ere badaude. Iaz, balio handiko hiru kamera desagertu ziren BBCtik: 16.747, 12.281 eta 6.698 eurokoak, hurrenez hurren. 2017an, berriz, 4.465 euro eskudirutan lapurtu zizkioten langile bati atzerrian lanean. Piezarik baliotsuena, berriz, 2015ean galdu zuten: 48.913 euroko kamera-ekipamendua. Ez hori bakarrik, etxe barnean ere egin dute lapurreta. Londreseko emisio etxe nagusi berrian, 1.786 euroko kamera bat desagertu zen 2017an. The Times-en arabera, milioi erdi euro baino gehiago galdu ditu BBCk 2014tik —614.086 euro, guztira—.

Erakunde publikoak esan du desagertutako material guztia ez dela bakarrik etxeko langileek erabiltzen zutena, kanpoko hornitzaileek eta azpikontratatutakoek galdutakoak ere zenbateko horretan sartu dituztela baizik. Baina, edozein kasutan, BBCk alokatutako materiala litzateke. Beraz, kostu ekonomikoa bera da komunikazio taldearentzat. Ziurrenez, kritikak etorriko zaizkio orain. Diru publikoa jasotzen duenez, egokiago kudeatu beharko lukeela zergadunen ekarpena. Besteak beste, lapurretak saihesteko neurriak ezarrita. Esango nuke, milioi erdi eurorekin hainbat telebista saio dotore egin litezkeela, baina halako berriek ere bultzatzen dute herritarren arreta gai garrantzitsuetatik desbideratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.