Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Gure dama'

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sute batek partzialki kiskali du Parisko Gure Dama (Notre Dame) katedrala. Zehaztutako datuen arabera, eraikinaren orratz nagusia eta sabaiaren bi heren suntsitu dira. Horrekin, zoritxarrez, Frantziako kulturaren ikur zein ondare garrantzitsuenetako baten zati handi bat joan da. Bestela esanda, herritarren nortasunaren zati bat desagertu da. Horren eragina nabarmena izango da aurrerantzean. Barrura begira, baita nazioartera begira ere. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du «nazio oso bat hunkituta» dagoela. Eta badu arrazoirik.

Zer gertatuko litzateke hizkuntza bat desagertuko balitz? Wade Davis British Columbia Unibertsitateko antropologoak dio hizkuntza bat desagertzea hiztun komunitatearen «adimen basoa» moztearen parekoa dela. «Espezieen galerak biosfera ahultzen duen bezala», hain zuzen. Hiztunen eremu horri Davisek deitzen dio «etnosfera». Hau da, pertsona horien «balioak, sinesmenak eta ideiak» kokatzen diren tokia. Justuki, haida hitz egiten duen Diane Brown hizkuntza aktibistak honako hau galdetzen du: «Nola deituko genioke geure buruari haidarik gabe?». Erantzuna nahiko garbia da.

Kanadan eta Alaskan hitz egiten da haida. 2014ko datuen arabera, munduan soilik hamalau pertsonak hitz egiten dute. Biziberritzeko helburuarekin film bat ekoiztu dute: SGaawaay K'uuna (Aiztoaren ertza). Haidak ez dauka beste hizkuntza batekin zerikusirik; ondorioz, aktoreek buruz ikasi dituzte testuak. Ingelesez idatzi zuten jatorrizko gidoia eta adin nagusiko hiztunen laguntza erabili dute itzultzeko. Tokiko 70 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute filmean, eta haida hiztunek funtzio garrantzitsuak bete dituzte.

Beste kasu batzuetan, aldiz, hizkuntza berriak sortzen dira. Game of Thrones telesailean, kasurako. Asmatutako High Valyrian hitz egiten dute pertsonaiek. Orain, gainera, hizkuntza ikasteko aplikazioa sortu du Duolingok. Erresuma Batuan ia 100.000 pertsonak sinatu dute eskaera. Eskoziako gaelikoa ulertzeko gai diren 87.056 lagunek baino gehiagok, alegia. Ondo dago Hollywoodeko telesail batek hizkuntza berri bat ikasteko hainbeste jende mugiaraztea —bereizki, ingelesa ez bada—, baina ikus-entzunezkoen kontsumo globalak gure damarekiko aldentzea ere ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.