Miren Manias.
EKOGRAFIAK

VAR

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Asda supermerkatuak garagardoa doan eskaintzen duen iragarki bat plazaratu du, galesez. «Alkoholik gabeko garagardoa» (di-alcohol) adierazi behar zuen, berez. Baina itzulpen akatsa egin dute eta «alkohola doan» (alcohol am ddim) promestu diete Galesko bezeroei. The Cwmbrân Asdaren iragarkiak oihartzun handia izan du sare sozialetan. Guto Aaronek, esaterako, Twitterreko jarraitzaileak ohartarazi ditu, aukera paregabea gal ez dezaten. «Galesez irakurtzen baduzue, eska ezazue zuen garagardoa doan!», idatzi zuen hark ateratako argazkiaren ondoan.

Dirudienez, hau ez da lehen aldia Asdak horrelako akatsa egiten duena galesera itzulitako iragarkiekin. 2012an, eskoziar gaelikoz idatzi zuten Cardiffeko Coryton supermerkatuaren aparkalekuko iragarkia. Ohartu ondotik, testua berehala aldatu zuten galesera. Ez dakit kasu horretan Googlen itzultzaile automatikoa erabiliko zuten ala ez, baina argi dago doako garagardoaren iragarkian hanka sartu dutela teknologiaren bat erabilita.

Gizonezkoen futboleko Txapeldunen Ligan, aldiz, akats gutxi egin daitezke VAR (Video Assistant Referee) sistema berriarekin. Epaile nagusiak hartutako erabakiak zuzentzen dituen teknologia, alegia. Horren froga da herenegun jokatutako Manchester Cityren eta Tottenhamen arteko partida; izan ere, VARek lehiaketatik kanpo utzi du Pep Guardiolak gidatzen duen taldea.

IFABek (Futbol Erakundeen Nazioarteko Batzordea) sartu zuen VAR sistema kirol legeetan, partida garrantzitsuen emaitzak argitzeko izandako epaiketen ondotik. Eta FIFAk 2018ko martxoan onartu zuen teknologia horren erabilpena. Hala, zalantzarik bada, epaileak edozein jokaldi ikus dezake berriro. VAR sistemak gauza onak eta ez hain onak dauzka. Herenegun jokatutako futbol partidan, zehazki, azken hogei minutuak dramaz betetakoak izan ziren. Cuneyt Çakir epaileak Manchester Cityren bosgarren gola bertan behera utzi zuen, jokaldia VAR sistema bidez berrikusi ondotik —Kun Aguero-ren jokoz kanpoko posizioarengatik—. Aurretik, Tottenhamen hirugarren gola ontzat eman zuen, Fernando Llorenteren eskuak baloia ukitu ez zuela ziurtatuta. Kasu horretan, beraz, gol bera bi aldiz ospatu zuten Tottenhameko jarraitzaileek. Baita nik ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.