Miren Manias.
EKOGRAFIAK

2019

2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
ETBri eskainiko diot 2019ko lehen zutabea. Alde batetik, Edu Barinaga euskal telebistaren zuzendariak 2018 amaierarako agindu zizkigunetako batzuk oraindik iritsi ez direlako —nora joan ote da gure dirua, beraz?—; eta, beste alde batetik, hasi berri dugun urtean euskaraz ikusi nahiko nituzkeen hainbat eduki proposatzeko.

Hasteko, ezin dut aipatu gabe utzi Urtezahar gauean pantaila txikiaren aurrean sentitutako frustrazioa. Telebista publikoak zuzeneko emisio bera iragarri zuen ETB1erako eta ETB2rako. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Herri txiki, infernu handi saioaren aurkezleekin, eta Sara Gandara ETBko kirol aurkezlearekin. Guardiako (Araba) plazatik, hain zuzen ere. Nola edo hala, ez nuen emanaldi elebidunik espero. Gutxitan egin bada ere, bi kateen eskaintza pareko jarri, eta ETBk euskara dakitenen beharrak aseko zituela uste nuen. Inozoa ni. Izan ere, Pagadi eta Gurrutxaga euskara hutsez aritu ziren bitartean, Gandarak gazteleraz egin zuen maiz. Alegia, urte berria ahobizi hasteko aukera paregabea alboratuz.

Badirudi Barinagak ez dituela euskaldunak maite. 2018ko otsailean, BERRIAk egindako elkarrizketan, Nahieran zerbitzua hobetuko zuela adierazi zuen euskal telebistako zuzendariak. «Dirua jarriko da horretarako». Euskarazko telesail berri bat eta umorezko saio bat egingo zituztela ere iragarri zuen. Eusko Jaurlaritzak 4,8 milioi euro gehiago eman zizkion EITBri, 2018an—aurrekontuaren zatirik handiena inbertsio teknologikoetan egiteko—. Halere, Nahieran zerbitzuak berdin jarraitzen du, eta euskarazko telesail berriaren pistarik ez dugu oraingoz —«asko jota», 2019aren hasieran ekin behar zieten grabaketei—. «Asmatzea zaila da», adierazi zuen elkarrizketa hartan. Asmatzea are zailagoa da benetako ahaleginik gabe, erantsiko nuke.

«Euskaraldia hizkuntzagutxitu baten alde sekula egin den ariketa partehartzaileenetakoa izan da», adierazi du Arkaitz Zarraga euskara irakasleak Euskaraldiaren osteko BERRIAko serietako batean. Josu Amezaga EHUko irakasleak, bestalde, ETB1n arazoa euskara ez zela agerian utzi zuen egunkari honetan; katearen eduki eskaintza baizik.

Benetan euskara biziberritu nahi bada, balia dezagun gure telebista. Hona hemen euskarazko proposamen bi 2019rako: euskal zinemari lotutako saio bat eta iaz agindu ziguten telesaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.